2018-10-04 09:15
ELAk salatu du Bilbobus zerbitzu publikoa -Bilboko Udalak %100ean finantzatua eta lizitazio publiko bidez erabakitzen dena- bere gain duen enpresak goizaldean zegoen langileentzako zerbitzuaren zati bat bertan behera utzi duela. Ondorioz, kasu askotan distantzia luzeak egin behar dituzte hainbat auzotatik (Arangoiti, Betolaza, Artazu...) lanera joateko edota Elorrietako kotxeratik etxeratzeko

Beraz, herritarrei nahieran gelditzeko zerbitzua eskaintzen zaie, baina lanean dauden emakumeak derrigortu egiten dituzte arrisku egoerak bizitzera, betiere Bilboko Udala jakinaren gainean delarik. ELAk enpresari eskatu dio berrezar dezala zerbitzu hori eta beharginei segurtasuna eman diezaiela, baina Bilbobuseko zuzendaritzak erantzun du ez dagoela horretarako prest, zergatik eta dirua kostatzen delako.

Gainera, ostiral, larunbat eta jaiegunetan Bilbon ematen den “Gautxori” zerbitzua, zeinaren xedeak herritarren segurtasuna eta gauez irteteko aukera diren, ez dauka behar besteko baldintzarik emakume langileen oinarrizko beharrizan fisiologikoak asetzeko (komunera joan edo konpresak aldatu behar direnean). Hau gertatzen da enpresak galarazi egin duelako zerbitzuak linea-buruetan biltzea; horrenbestez, emakume langileok zerbitzu arteko tarteetan goizaldean ia inor ez dabilen inguru ilun eta bakartietan egon behar dira. Honek tentsio une bat baino gehiago eragin izan du.

Halaber, enpresak premiazko behar bat sortzen denean zerbitzuak osatzeko zegoen talea ere kendu egin du. Areago, horrelako kasuetan edozein gorabehera gertatuz gero kotxerara hurbiltzea ere debekatuta dago, baina Bilbobus zerbitzua ustiatzen duen enpresak ez du beste alternatibarik ematen.

ELAk salatu du Bilboko Udalak eta zerbitzua kudeatzen duen enpresak herritarrei ematen zaien zerbitzua saltzen duten bitartean ez dietela andrazko autobus gidariei baldintza egokirik eskaintzen beren beharrizan fisiologikoetarako, ezta seguru lan egin dezaten ere.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.