2018-12-12 18:49
ELAk irmo salatu nahi du Correos enpresarentzat lanean ari zen beste langile baten heriotza. 46 urteko F.M.B. behargina lan istripuan hil da, lanean ari zela, bere motorrak autobus batekin aurrez aurre talka egin duenean. Azpimarratzekoa da bi hilabeteko aldi baterako kontratua zuela langileak, alegia, Correosen lanean hasi berri zela, zehazki, azaroaren 20an.

46 urteko Correos enpresako langile honen heriotzak argi uzten du, beste behin, murrizketek lan ezbeharrak eta heriotzak eragiten dituztela. Gogoratu beharra dago urte honetan Correos enpresan gertaturiko bigarren lan heriotza dela hau. Izan ere, abuztuaren 28an Gasteizen 37 urteko beste langile bat hil zen.

ELAk elkartasun osoa adierazi nahi die senide, lagun eta lankideei. Langileon lan baldintzak tarteko, postariek hainbat arrisku pairatzen dituzte lanean, eta enpresak sarri ez ditu behar bezala kudeatzen. Motorrez banaketa egin ohi duten langileei dagokienez, trafikoari lotutako arriskuak areagotu egiten dira, gainera.

Enpresek, eta Correosek kasu honetan, arrisku horiez ohartarazi eta dagozkien aginduak nahiz prestakuntza emateko erantzukizuna daukate. Gainera, arrisku larria dagoenean lan jarduna geldiarazteko betebeharra ere badute.

Era berean salatu nahi dugu aurretiaz egin ohi zen lanpostura egokitzeko bi egunetako saioa desagerrarazi izana, lanpostuaren jabearen eskutik egiten zena, edota berariazko harrera edo prestakuntza ikastarorik eskaini ez izana, besteak beste.

Onartezina da laneko istripuen "normalizazioa".

ELAk, enpresei, Correosi kasu honetan, eta Jaurlaritzari, laneko istripuak erabat gutxitzeko politikak eta neurriak ezartzeko jarrera irmoagoa exijitzen die.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.