2018-02-01 13:58

Lehenik, ELAk bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die hildakoen senide eta lankideei, eta ezbeharra berehala iker dadila exijitu du, zergatiak eta ardurak argitze aldera.

Istripuari dagokionez, nabarmendu beharra dago gero eta heriotza gehiago gertatzen direla garraio sektorean: Aurten Hego Euskal Herrian lan istripuz hil diren 6 pertsonetatik 4 karga edo bidaiariak zeramatzaten garraiolariak izan dira. Honek agerian uzten du sektore honetan ere prekarietatea nagusi dela; lan-erritmo altuak ezartzen direnez, beharginek lanaldia luzatu eta abiadura handia hartu behar izaten dute; bestalde, ekipoen mantentze lanak ere ez dira behar bezala egiten.

Argi utzi nahi dugu honelako ezbeharrak lan istripuak direla, ez zirkulaziokoak, zenbaitetan hala definituagatik ere.

ELAren iritziz ezin da onartu honelako ezbeharrak behin eta berriz gertatzea; azken urteetan gero eta gehiago dira in itinere istripuak. Segurtasuna eta osasuna enpresa eta instituzioentzat oraindik bigarren mailako kontua dira, eta araudia betetzeko baliabide nahikorik ez da jartzen; lehentasuna beti produkzioari ematen zaio, ez arriskuen prebentzioari.

Sarri esan dugu, baina istripu tasa altuaren jatorrian lan prekarietatea eta eskubideen aurkako etengabeko erasoak daude, baita lan segurtasun eta osasunean ere; horregatik, prekarietateari konponbidea emateko bitartekorik jartzen ez den artean istripu tasak gorantz egingo du, horrek eragingo dituen istripu hilgarri eta guzti.

Zorigaiztoko istripu hau salatzeko ELAk, euskal gehiengo sindikalarekin batera, guztioi dei egiten dizue bihar, ostirala, Bizkaibuseko enpresa-komiteak Bizkaiko Aldundiaren aurrean goizeko 10.30etan deitu duen protesta bilkuran parte hartzera.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.