2018-08-07 09:04
Gipuzkoako Eraikuntzaren hitzarmen berriak sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak nabarmen hobetuko ditu. Hona hemen gai honen inguruan Landeia aldizkariak jasotzen duen erreportajea.

“Langile askok galdutzat ematen zuten hitzarmen bat berreskuratu dugu; hitzarmen hori indartzeko gai izan gara, lan erreformaren aurkako testu eta gehigarri guztiak sartu ditugulako; eta gainera eguneratu egin dugu, besteak beste, 2009tik hona langileek galdutako eros-ahalmena eta bestelako eskubideak berreskuratzea lortu dugulako”.

ELAk Gipuzkoako Eraikuntzan duen arduradun Igor San Jose pozarren dago berriki sektorean lortutako akordioarekin. “Langileak hitzarmenik gabe zeuden 2009az geroztik, eta indarrean zegoena ez zen aplikatzen. Eraikuntzak bere errealitate propioa du. Langile atzerritar asko dago, eta ez bertakorik ez dagoelako; beharrak bultzatuta etortzen dira hona, eta horretaz baliatzen dira enpresariak, langileek beren eskubideak ez aldarrikatuko ez dituztelakoan”.

Akordioa urte askotako borrokaren ondorio izan da. ELAk erabateko gehiengoa du sektorean –%60–, ahalduntzea, antolatzea eta borrokatzea erabaki duten militanteak. “Une egokia zen guretzat, asko direlako Gipuzkoan martxan dauden obra publiko esanguratsuak. Patronalak jakin bazekien ondo antolatuta geundela, eta maiatzean negoziazioek emaitza positiborik egon ezean grebara joko genuela. ELAren indarrik eta greba mehatxurik gabe ez genuke horren akordio positiborik lortuko”.

Pozik dago Igor San Jose, eta pozik daude sektoreko langileak. Hitzarmena sinatu eta gero egin diren hamaika langile asanbladetan balorazio oso baikorra izan dela dio. “Hitzarmenak 2018-2021 iraunaldia izango du. Azken hamarkadan galdutako eros-ahalmena berreskuratzeaz gain langileak lan-erreformatik babesten ditu. Hitzarmena indarrean egongo da hurrengoa sinatu arte”.

ELAk makina bat aldiz salatu du hitzarmenean hitzarmena ez zela betetzen, laneko legedia ez zela aplikatzen. Bidegabekeria horrekin amaitzeko urrats sendoak eman direla azpimarratzen du San Josek.

“Batzorde bat sortzea lortu dugu, hitzarmena salatu eta betetzen ez dela frogatzen dugun tokian langileei ordaindu ahal izateko. Orain arte askotan honakoa gertatzen zen: frogatzen genuen enpresa zehatz batean 50 langile zeudela egindako lanagatik ordain-saririk jaso gabe. Lan ikuskaritza edo epaitegian hori frogatzen genuen, baina gero erreklamazioa langile bakoitzak era indibidual batean egin behar duenez, askotan ez ziren egitera ausartzen, kaleratuko zituztenaren beldurrez. Orain, hitzarmena betetzen ez denean, enpresa nagusiak, enpresa sustatzaileak edo administrazio publikoak zuzenean ordainduko die langileei. Oso urrats garrantzitsua da hitzarmena osotasunean bete denaren borrokan. Batzorde honen lana gertutik jarraituko dugu, adi-adi egongo gera, baina oso positiboa da”.

Igor San Josek ELAk egindako lana goraipatu nahi du. “Edukiak lorpen handia dira, enpresa eta obra bakoitzean borroka luzearen ondorioz. Eta harro esan dezakegu soilik ELAri esker posible izan dela. Beste sindikatuak soilik akordioa aurreratuta zegoenean hasi dira mugitzen. Are eta gehiago, hitzarmena berreskuratzea ezinezkotzat ikusten zuten. Eskerrak ELAko militanteek ez zutela egoera horrela ikusten eta borrokatzea erabaki zutela. Bestela, ez geundeke akordio bikain honen aurrean”.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.