2020-11-09 16:01
Defizitan oinarritutako aurrekontua diru-bilketa handituko duen zerga-erreformarik aurreikusi gabe egiteak murrizketak ekarriko ditu

Nafarroako Gobernuak 2021eko Aurrekontuen Aurreproiektua aurkeztu du Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean. Beste urte batez, bilera hori aurrekontuaren ibilbidean tramite hutsa izan da. Gizartearen eta sindikatuen parte-hartzea ez da lehentasunezkoa Gobernu honentzat. Ez dago gutxieneko partaidetza-baldintzarik, ez baitago ez informazio nahikorik ez denborarik aurrekontua aztertzeko, baina, batez ere, ez dago borondate politikorik.

Aurrekontuari dagokionez, 2021ean gastua 296,7 milioi euro handitzea aurreikusi du Nafarroako Gobernuak, 2020an onartutako aurrekontuarekin alderatuta. Gastuaren bilakaerari dagokionez, kontuan izan behar da krisi ekonomiko eta sanitarioak 2020ko aurrekontua guztiz aldatuko duela, eta, beraz, amaitzen den benetako gastua Gobernuak 2021erako aurrekontuan jasotakoa baino handiagoa izan daitekeela.

Egoera honen ondorioz, aurrekontuaren azterketa galdera baten gainean egin behar da: Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontua nahikoa da behar sozial eta sanitarioei aurre egiteko? Erantzuna argia da, ez.

Aurrekontuaren igoera oso txikia da, dauden premiak kontuan hartuta: gainezka egin duten osasun eta hezkuntza publikoak, pobrezia eta desberdintasunaren handitzea, eta, horren ondorioz, pertsona gehiago egotea prestazio sozialen mende, hala nola Errenta Bermatuaren beharrean (2020an 2.000 familia gehiago egotea aurreikusten da) edo Gobernuak 2020an 10.000 enplegu suntsituko direlako aurreikuspena.

Diru-sarrerei dagokienez, azpimarragarriena Gobernuak diru-bilketa handituko duen zerga-erreformarik aurkeztu ez izana da. Aurrekontua defizitean oinarriuta egin da, hau da, zorra handituz. Zor publikoaren igoera horrekin batera ez bada zerga-erreforma bat egiten diru-bilketa handitzeko, progresiboagoa izateko eta, batez ere, enpresei eta enpresen eta kapitalaren errentei presio fiskala handitzeko, murrizketak itzuliko dira. Diru-bilketa handitzea Nafarroako Gobernuaren esku dago, horretarako borondate politikoa baino ez da behar.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.