2018-11-15 15:34
Barceló kateak bere jarrera errepresiboa areagotu du Bilbao Nervión hotelean gelak garbitzen dituzten langileen kolektiboaren aurka; epaileek greba legez kanpokoa ebaztea du helburu neurri honek. Hartara, kateak auzitegian demanda bat jarri du. Kateak helburu bakarra dauka: joan den azaroaren 2an langileek euren lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko hasi zuten greba legez kanpokotzat deklaratzea epaitegiak.

Gogora dezagun gela-garbitzaile lanetan ari diren 50etik gora pertsona hauek egindako gela bakoitzeko 2,5 euro jasotzen dutela, eta gehienean kontratuak lege iruzurrean egin direla. Greba hasi aurreko egunetan 50 horietatik lauk baino ez zeukaten kontratu finkorik; haatik, Bilbao Nervión hotelak 350tik gora gela ditu. Gainera, langile gehienen kontratua lanaldi partzialekoa da, baina egunean egin beharreko orduak kontratuan aipatzen direnak baino gehiago dira, enpresak gehiegizko ratioak ezartzen dituelako. Kontutan izan behar da zerbitzu hau zuzenean hoteleko beharginek egiten zutenean eguneko ratioa 9 gelakoa zela, baina kanporatu zutenetik 18 gela eta gehiago garbitu behar dituela langile bakoitzak. Abusuzko egoera honek langileen osasunean kalte nabarmenak eragiten ditu. Gainera, greba hasi denetik hona 11 kaleratze egin ditu enpresak.

Lan-baldintzen eta kontratuen aldetik egoera hobetzearren langileek grebari ekin zioten joan den azaroaren 2an. Barceló kateak ez du ezer egin gatazka bideratzeko; aitzitik, enpresa bat kontratatu zuen grebalariak ordezkatzeko, greba-eskubidea modu aktiboan urratuz. Jokabide hau ELAk Lan Ikuskaritzari salatu dio.

Sindikatu honek salatu egin du Barceló taldeak bere instalazioetan lanean ari diren beharginak esplotatzen dituela, soldata eta lan baldintza negargarriekin, baina gainera grebarako oinarrizko eskubidea ere zapuztu nahi du.

ELAk nabarmendu nahi du kasu honetan Barceló kateak kolektibo oso ahulen kontra jokatzen duela: batetik, oso sektore feminizatua dugu hau, lan egoera ezin kaskarragoan, eta bestetik, Europaz kanpoko migranteak ere badira euren artean. Ezin dugu onartu esplotazio egoeran mantentzearekin batera bizi-kalitate hobea galdegiteko geratzen zaien bide bakarra eragoztea.

NH eta Barceló hoteletako gela-garbitzaileei babesa adierazteko ELAk manifestazioa deitu du ostiral honetarako, hilak 16. Goizeko 11etan hasiko da Kale Nagusiko NH Villa de Bilbao hoteletik, eta Campo de Volantín kalean dagoen Barceló Bilbao Nervión hoteleraino joango da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.