2018-10-17 12:13
Gaur Hego Euskal Herrian pairatzen diren bazterkeria sozial eta pobrezia mailak oso kezkagarriak dira. Kutsu neoliberaleko politika publiko, erreforma, krisi ekonomiko, lan prekarioaren hedapen, murrizketa eta abarren eraginez gero eta biztanle gehiago behar adina baliabide ekonomikorik gabe dago; ezin du gutxieneko ongizate mailara iritsi ere (ahalmen ekonomikoa, etxebizitza, energia, elikadura, haurren garapena, aisialdia eta kultura). Gaur, 2018ko urriaren 17a, Pobrezia Erauzteko Munduko Eguna da.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak honakoa adierazi nahi du:

Egungo lan merkatua gero eta prekarioagoa da, eta egunetik egunera desberdintasun handiagoa eragiten du: Sistema honek pobretu egiten du eta ez ditu baliabide ekonomiko nahikoak bermatzen. Gero eta langile pobre gehiago dago gure artean: soldatak ez die ematen hil amaiera iristeko ere, edota pobrezia ezkutuan jausten dira (energetikoa, botikena, haurren txirotasuna...). Aldagai hauek guztiok errealitate beraren aurpegiak dira; egungo ereduak biztanlerian pobrezia banatzen du, eta bitartean gutxi batzuk pastelaren zatirik handiena bereganatzen dute.

Emakumeei dagokienez diskriminazioa areago luzatzen da profesionalki segregatuta dagoen lan merkatu honetan, eta horrek bizimodu independente bat garatzeko aukera eman dezakeen autonomia ekonomikoa galarazten du.

Halaber, gazteen egoera ere oso eskasa da; bizimodu duina berma dezakeen enplegu bat lortzeko aukera oso mugatua dute, eta euren artean langabezia zein prekaritate tasak izugarriak dira. Kasu hauetan etorkizuneko proiekturik egitea erabat ezinezkoa da. Gazteen emantzipazioa iritsi ezineko amets bihurtu dute.

Babes sozialeko gutxieneko batzuk lortzeko arauak badira, baina gaur egun ez dira nahikoak. Hau ikusirik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta herritar ekimen legegile (HEL) bat ari da bultzatzen, instituzioen eta politika publikoen lehentasuna pertsonak izan behar direlako, ez bankuak, ezta enpresa handiak edota espekulatzaileak ere. Ekimenaren helburuak:

  • Eredu ekonomiko eta sozial neoliberalaren alternatiba eskainiko duen eredua; beronek erdigunean bizitzaren eta planetaren defentsa kokatu behar du, gutxiengoaren interesen gainetik, eta lehentasuna eman lanari (kontzeptuaren zabalera guztian, hots, produktibo eta erreproduktiboa aintzat hartuz) kapitalaren aurretik, zein pertsonei merkatuaren aurretik.

  • Aberastasuna berdintasunez banatzeko politika publiko eragingarri eta benetakoak, bidezko zerga-politika, kalitatezko enpleguaren sorrera eta lanaldia murriztu eta banatzeko politikak ezarriaz.

  • Beharrezkoa da gizarte- eta lan-politikei buruzko erabakiak gure lurralde eremuan hartzea, Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Markoan aurrera eginez.

  • Eskubide sozialak bermatu eta hobetzeko neurriak, pobrezia eta bazterkeria sozialari aurre egiteko. Horregatik, aurkeztu dugun HELean esaten dugu aldaketak egin behar direla Diru-Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legean, baita Etxebizitzaren 3/2005 Legean, honako neurriak sartuz:

  • DSBEa jaso ahal izateko adina 23 urtetik 18ra jaistea. Halaber, 18 urte ez dituztenek ere eskubidea izan behar dute behar egoera berezian gertatuz gero.

  • Aurrez erroldatuta egon beharreko epea 3 urtetik urtebetera murriztea.

  • Bizileku berean dauden bizikidetza-unitate guztien aitortza.

  • DSBEa jasotzeko eskubidea bizikidetza-unitate bakoitzari aitortzea, bizileku berean izateagatik mugarik ezarri gabe.

  • DSBEaren zenbatekoa hobetzea, baita pentsio eta soldata kaskarren kasuetarako ere, erreferentzia gisa lanbidearteko gutxieneko soldata (LAGS) hartuz:

    - LAGSaren %100 pertsona bakarreko bizikidetza-unitateentzat.

    - LAGSaren %150 bi lagunek osatutako bizikidetza-unitateentzat.

    - LAGSaren %200 hiru lagunek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateentzat.

  • Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskubide subjektibo bihurtu behar dira, jasotzeko aukera ez dadin aurrekontuen baitan geratu, baizik erantzun beharrezko beharrizanen baitan.

  • Alokairu sozialeko etxebizitza izateko eskubide efektiboa bermatu, ezin delarik prestazio ekonomiko batekin ordezkatu. Errenta ezin da diru-sarreren %15a baino handiagoa izan, etxe berean bizi diren pertsonen diru-sarrerak DSBE adinakoak edo txikiagoak direnean.

Arrazoi hauek guztiak medio, eta kapitalak ezarri nahi digun bizimodu prekarioarentzako alternatibak baditugulako, Pobrezia Erauzteko Munduko Egun honetan dei egiten diegu langileei, pentsiodunei, gazteei, emakumeei, migranteei, errefuxiatuei eta ikasleei Gizarte-Babeseko euskal sistema Publiko eta Kalitatezkoaren alde borroka daitezen!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.