ARGIA.eus

2019ko apirilaren 23a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2018-06-20 11:58
Azkuna Zentroko mediatekako langileak greban daude joan den maiatzaren 30etik hona; salatu egin nahi dute zentroa duela zortzi urte ireki zenetik pairatzen duten prekaritatea. ELAk salatu egin du Bilboko Udalak mediatekako gatazkaren aurrean hartu duen jarrera pasiboa.

Azkuna Zentroaren azpikontrata gisa lan egiten duten 25 pertsonek zortzi urte daramate lanpostua mantentzeko bermerik gabe, lehiaketa beste enpresa batek irabaziz gero; 800 euro inguruko soldata jasotzen dute; zentroa urteko 365 egunetan irekitzen da; kontratu gehienak lanaldi partzialekoak dira, eta azken zortzi urteetan soldatak izoztuta izan dituzte. Aipatu beharra dago aplikatzen den lan-hitzarmenak ez daukala zerikusirik egiten den lanarekin, ezta zerbitzuarekin ere, eta aplikazio hori guztiz irregularra izan dela.

Orain zerbitzua berriro lizitatzera doaz, eta langileek uste dute badela garaia Azkuna Zentroak eta Bilboko Udalak dagokien ardura beren gain har dezaten; zerbitzu honetara behar besteko aurrekontua bideratu behar da, lanpostuak eta soldata- zein lan-baldintza duinak bermatzeko.

Langileen ordezkariek hainbat bilera izan dituzte Nekane Alonso Bilboko kultura zinegotziarekin eta Azkuna Zentroko zuzendaritzarekin. Bilboko Udalaren menpeko erakunde honetan jasaten duten prekaritatearen berri eman diete; noski, lan egoera txar hau Udalean hartutako erabaki politikoen ondorioa da. Hitz onak alde batera utzita, langileek ez dute proposamen bat ere jaso, duela hiru aste greban dauden arren.

ELAk uste du ezin dela onartu Bilboko Udalak eta bere arduradunek, batik bat alkateak, lan gatazka honetan hartu duten jarrera, areago kontutan izanik gatazkak Azkuna Zentroak Bilboko biztanleei eskaintzen dien zerbitzuan eragin larria duela. Antza udal gobernuari bost axola diote zerbitzua ematen duten langileek, baina baita herritarrei eskaini beharko litzaieken zerbitzuak ere.

ELAk galdegin du nork bere ardura politikoa har dezala bere gain eta, hitz ederrak gorabehera, proposamen konkretuak jar daitezela mahai gainean, gatazkaren konponbidea iritsi ahal izateko. Ezin da ulertu Udalaren aldetik gai honetan adierazi duten utzikeria eta jarrera pasiboa.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.