2020-02-07 12:45
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Bilbon, azken lan-istripu hilgarrien aurka protesta egiteko. Aurten 11 pertsona hil dira lanean, eskandaluzko datua izan dena. Gainera, ELAko arduradun Oskar Abadek salatu duenez, gutxienez 2 langile desagertu dira atzo Zaldibarko zabortegi batean gertatutako luizian; hau AP-8ra iristean autobidea itxita geratu da. Verter Recycling 2002 zabortegia berez erregistratuta dago gai inerteak eta hondakin ez arriskutsuak tratatzeko, baina bertan amianto bolumen handia zegoen metatuta.

Gai honen ardura duen Eusko Jaurlaritzaren prebentzio eta kontrolik ezaren ondorioz, enpresako langileak zein erreskate eta hondakinak kentzeko lanetan ziharduten beharginak amianto zuntzen eraginpean egon dira, behar bezalako babesik gabe.

Horregatik, uneotan erreskate lanak geldirik daude; orain arte lan horietan esku hartu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako suhiltzaileek, Ertzaintzako erreskate taldeek eta autobideko mantentze-langileek.

Behin eta berriz errepikatu izan dugu: lan prekarioak hil egiten du. Ezin da jarraitu enpresen betiko logikarekin, kostuak merkatu eta etekinak puzteko bigarren mailako kontu bihurtzen baitira langileen osasun eta segurtasunean egin beharreko inbertsioak; horregatik, jendea lanean gaixotzera eta hiltzera eramaten dute.

Zaldibarkoa konfirmatzeke dagoela, azken hilabetean 11 heriotz eragin dituzten etengabeko lan istripuen atzean, langileen bizitzarekiko mespretxua ez ezik bada beste gako bat ere: Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik eta arazoari ekiteko asmorik. ELAk galdegiten du berehala ezar daitezela neurriak odoluste hau geldiarazi eta langileak babesteko. Eusko Jaurlaritzak bitarteko gehiago jarri behar du -langileak, baina baita baliabide material eta ekonomikoak ere- bere esku dituen tresnak indartzeko.

Osalanek bitarteko gehiago behar du langileen aholkularitza eta enpresen kontrola hobetzeko, Ertzaintzak bere esku hartze eta ikerketa lanak egiteko, eta Lan Ikuskaritzaren plantilla ere gehitu behar da ikuskatzeko eta zigortzeko lanak egin ditzan.

Alabaina, lotsagarria da Eusko Jaurlaritzak, Confebasken, UGTren eta CCOOen konplizitateaz, betiko formula berari eustea: mahai hutsalak, zehaztasunik eta mamirik ez duten akordioen sinadura eta hauetan parte hartu dutenentzako finantziazioa.

ELAk Euskal Herriko langileak deitu ditu parte har dezaten lan istripuen egoera larri hau salatzeko bilkuretan, eta enpresarioen eta Jaurlaritzaren inoperantzia ikusirik enpresaz enpresa trebatu eta antolatu daitezela odol jario honi amaiera emateko.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.