2019-10-31 10:35
Auzitegi Nazionalak arrazoia eman dio ELAri: Estatuko Administrazio Orokorreko Itundutako Langileen IV Hitzarmen Bakarrean ELAren eskubide sindikalak urratu dira. Hala, Auzitegi Nazionalak berretsi du Hitzarmen honek hainbat arau jasotzen dituela, ELA hainbat gairen negoziaziotik kanpo uzten dutenak, gai horiek negoziatzeko eskumen eta legitimazioa izanda ere.

Aipaturiko hitzarmen kolektiboa CCOO, UGT CSIF eta CIG sindikatuek sinatu zuten aurtengo martxoaren 4an eta 40.000 bat langileren lan baldintzak arautzen ditu. ELAk uztailaren 30ean inpugnatu zuen Auzitegi Nazionalean.

ELAk akordioa ez sinatzeko izan zituen arrazoiak hauek dira: 37,5 lanorduko asteko lanaldiak bere horretan jarraituko du, ez du berreskuratuko galdutako eros-ahalmena, eta ez du benetako konpromisorik hartu enpleguaren etengabeko galera geldiarazteko, ezta zerbitzu gehiago ez esternalizatzeko ere.

Gainera, hitzarmenaren zenbait arauren eraginez, ELA hainbat gairen negoziaziotik at geratuko zen praktikan, nahiz eta negoziazioan parte hartzeko gaitasuna eta zilegitasuna izan, hitzarmenaren eraginpeko pertsonal ugariaren lan-baldintzak arautzen baitira. Halaber, Batzorde Parekideari negoziazio-eginkizunak aitortu zizkioten, hitzarmenaren interpretazio-eskumenak aitortu beharrean, eta ondorioz, sinatzaile ez zirenei, euren negoziazio eskubidea urratzen zitzaien. Askatasun sindikalaren urratze horrek kaltea eta ospe-galera eragin dizkio ELAri.

Auzitegi Nazionaleko Lan Arloko Salaren epaiak partzialki baiesten du ELAren demanda, ELAk inpugnatutako hitzarmeneko artikulu batzuk baliogabetuta, eta salatutako artikulu ia guztiak baiestearen aldeko boto partikularra du. ELAk epaiaren aurkako errekurtsoa iragarri du, bere asmo guztiak aintzat hartzeko eta, horrela, gure eskubide legitimoak zaintzeko, hauteskunde sindikaletan lortutako ordezkaritza sindikalari esker.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.