ARGIA.eus

2019ko ekainaren 26a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2018-10-04 18:08
Emakume langile bat berriro lanera onartzera behartu du, aldi baterako kontratazioa iruzurrezkoa izan delakoan. Epai horrek atea ireki du horrelako kasuetan kalte-ordainak eskatzeko.

Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio ELAri, eta Osakidetza kondenatu du emakume bati iruzurrezko kontratazioa egiteagatik.

ELAtik kontratuaren azkentzea deuseztatzeko eskatu genuen, bi urte eta erdian 13 luzapen izan zituen kontratu bat, hain zuzen. Auzitegi Gorenak Osakidetza behartu du langilea berriro lanera onartzera, eta baita kontratua amaitutzat jo zutenetik iragan diren sei urteetan jaso gabeko soldatak ordaintzera ere.

Epaian, beraz, Osakidetzak aldi baterako kontratazioan egiten dituen gehiegikeriak aitortu dira, eta gainera aukera ematen zaie langileei horrelako kasuetan eragindako galerengatik kalte-ordainak erreklamatzeko.

ELAk aspalditik salatu izan ditu Osakidetzaren aldi baterako kontratazioaren gehiegikeria sistematikoak, sarri-askotan lege-iruzurrean eginak. Eta iruzur horiek beren ondorioak izan behar dituzte. Auzitegi Gorenak, oraingo epaiaren bidez, gure iritzia berretsi du, Osakidetza aldi baterako kontratuenak ez beste xedeak betetzeko baliatzen dela deklaratu baitu.

Osakidetzan behin-behineko eta aldi baterako kontratazioak sistematikoak dira. Izan ere, maiz kontratazioaren zergatia unean uneko lanak dira; baina egiatan horrela kontrataturiko langileek ohiko lanak egiten dituzte, berez egiturazkoak diren postuetan. Auzitegi Gorenak iruzurrezkotzat jo du praktika hori.

Agerikoa da Osakidetzaren apustua lan-prekarietatearen aldekoa dela. Osakidetzak 15.000 langile ditu, aldi baterako kontratuekin; hau da, plantilla osoaren ia %40. Arazoa ez datza legezko mugetan, Osakidetzaren borondate politikoan baizik; behin-behinekotasunaren tasa altua izanik, halako zerbitzuak edozein unetan pribatizatu daitezke aiseago. Hori dela-eta 3.000 lanpostu suntsitu dira.

ELAren eskueran dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu, plantillak egonkortzeko, eta gaur egun nagusi den prekarietateari amaiera emateko. Horrela bakarrik eraiki ahal izango dugu osasun-sistema publiko eta kalitatezko bat gure gizartearen zerbitzura.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.