2019-09-26 10:54
ELA neurri zehatak hartea eskatu dizkie Euko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari aldaketa klimatikoari aurre egiteko. Mikel Noval eta Ainhara Plazaolak plazaratu dituzte neurriok Gasteizen; izan ere, "larrialdi klimatikoaren eta pairatzen dugun krisi sozial eta ekologikoaren aurrean ekitea ezinbestekoa da, bizitza erdigunean jartzeko kapitalaren interesak lehenetsi beharrean". Besteak bete, Aurrekontuetan trantsizio energetikoa finantzatzeko BPGaren %2 jartzea (1.400 milioi EAEn eta 400 milioi Nafarroan) eskaten du sindikatuak.

ELAren aburuz, klima aldaketa gizakiaren jardunaren ondorio da. Zehatzago esanda, egungo ekoizpen, banaketa eta kontsumo eredu kapitalistaren ondorio.. Komunitate zientifikoak esan duen bezala, lehenbailehen egin behar dira aldaketak eta erradikalak izan behar dira. Horrek esan nahi du aplikatzen diren politika publikoak errotik aldatu behar direla.
Hego Euskal Herriko erakundeak egungo klima larrialdira eraman gaituzten politikak aplikatzen ari dira. Sistema energetikoaren oinarri energia fosilen garapena bultzatu dute enpresa pribatuen interesak lehenetsiz eta enpresa publikoen pribatizazioa lehenetsiz. Aurretik jarri dute gutxiengo bat aberastea diru publikoaren (eta gure zergen) kontura, alferrikakoak diren azpiegitura handiak bultzatuz, esaterako AHT edo ingurumena eta osasuna arriskuan jartzen dituzten erraustegiak. Mugikortasun eredu indibiduala babesten dute garraio kolektiboaren kaltetan, merkataritza zentro handien hedatzearekin garraio indibidualaren beharra areagotuz. Industria sektorean eman beharreko aldaketa erradikalak egiteari uko egiten diote, nahiago dute egungo eredua betikotu, nahiz eta sakoneko aldaketa bat nahitaezkoa izango den.

ELAren iritziz, larrialdi klimatikoaren eta pairatzen dugun krisi sozial eta ekologikoaren aurrean ekitea ezinbestekoa da, bizitza erdigunean jartzeko kapitalaren interesak lehenetsi beharrean. EAEko eta Nafarroako gobernuek badituzte nahikoa eskumen klima aldaketa eragiten duten emisioetan murrizketa handiak eragiteko, borondate kontua da. Horregatik, eta premiaz, Hego Euskal Herriko instituzioek ondorengo neurriak hartu behar dituzte lehen pausu gisa:
1. Energia sektorean subiranotasuna berreskuratu eta bizitza kapitalaren aurretik jartzea ahalbideratuko duen trantsizio energetikoa bultzatu, sozialki eta ingurumen ikuspuntutik justua izango den trantsizioa. Horretarako:
a) Energia sektorea publiko bihurtzea, sektore estrategiko honen hartzen diren erabakiak pertsonen eta planetaren beharrei erantzun diezaioten.
b) Energia berriztagarria sortzeko tokiko proiektuen lidergoa hartu eta finantzatu 100% berriztagarria izango den eredu baterantz abiatzeko. Beti ere, energia kontsumoaren murrizketarekin batera.
c) Energia fosiletan oinarritutako proiektuak baztertu.
d) Aurrekontuetan trantsizio energetikoa finantzatzeko BPGaren %2 jartzea (1.400 milioi EAEn eta 400 milioi Nafarroan).

2. Trantsizio ekologikoa eta soziala egiteko industria politika eraldatzailea bultzatu, sektore iraunkorrak ardatz harturik.

a) Etorkizuneko sektore iraunkorrak identifikatu eta industria politika sektore hauetan oinarritu. Enplegu berdeen sorrera bultzatu sektore iraunkor hauetan: energia, eraikuntza iraunkorra, elikadura burujabetza, garraio kolektibo elektrikoa, hondakinen kudeaketa iraunkorra, ikerketa,...

b) Industriako sektore kutsatzaileak baztertu eta ingurumen araudia zorroztu kutsatzaileak diren jarduerak zigortuz. Enpresen birmoldaketa bultzatu kalitatezko enplegu iraunkorrak bermatuz.

c) Ekonomia zirkularra lehenetsi. Materialak xahutzeari utzi eta hondakin industrialen kudeaketa iraunkorra egin, berriro ere ekoizpen katean sartuz. Dagoeneko posible da hau egitea baina industria behartuko duen legedia beharrezkoa da.

d) Hiri hondakinak modu iraunkorrean kudeatu. Hondakinen sorrera murrizteko araudi zorrotza ezarri, birziklatu ezin diren materialak debekatuz, gainontzeko materialen birziklapena derrigorra egin eta errausketa debekatu.

3. Klima aldaketa eragiten duten azpiegitura handiak bertan behera utzi: erraustegiak, energia fosiletan oinarrituriko zentralak, AHT,...

4. Mugikortasuna murriztu.

a) Gehiegizko mugikortasuna eragiten duen merkatu globaletik gertuko merkatura pasatzeko neurriak hartu. Bai sektore industrialean, bai zerbitzuetan baita elikagaien sektorean ere.

b) Merkantzien mugimendua, bai errepidezkoa bai airezko, gutxitzea klabea izango da berotegi efektuko gasen murrizketarako, eta klima aldaketak 1,5ºCko muga gainditu ez dezan.

c) Garraio publikoa herritarrontzat mugikortasun aukera onena izan behar da eta instituzioek garraio publiko sare egokia garatu behar dute pertsonen beharrei erantzungo dien benetako zerbitzu publiko bat izan dadin.

d) Garraio publikoa elektrifikatu behar da
zero-emisio izateko (%100 autobus elektrikoak, gertuko trenbide sarea hobetu,...).

5. Elikadura burujabetza lehenetsi.

Elikadura eta nekazaritza ekologikoa bultzatu eta gertuko produktuak lehenetsi. Instituzioen esku dauden politika ezberdinak “bertakoa eta ekologikoa” printzipioarekin garatu: nekazaritza politika, industria politika, jangela politika (eskolak, ospitaleak, erresidentziak,...) eta garraio politika.

6. Politika horiek garatzeko aurrekontu publikoak nabarmen handitu.

a) Trantsizio energetikoak bakarrik BPGren % 2ko aurrekontua eskatzen du hainbat hamarkadatan (urtean 1.400 milioi euro EAEn eta 400 Nafarroan). Gainerako neurriek ere aurrekontu partida handiak behar dituzte.

b) Beharrezkoa da baita, sozialki desiragarriak diren sektoreetara bideratutako aurrekontuak handitzea (hala nola, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak). Murrizketetan atzera egin behar da, eskubide berriak onartu behar dira, eta kalitatezko zerbitzu publikoak garatu behar dira. Era berean, gizarte prestazioetarako partidak handitu egin behar dira eta etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea aitortu, bizitzea merezi duen bizitza bat gauzatu ahal izateko.

c) Horrek politika fiskalean erabateko aldaketa eskatzen du, ELAk eskatzen duen ildotik, lan errentak ez direnen zerga iruzurrari aurre egiteko eta azken hamarkadetan errenta altuei, enpresei eta kapitalari onartutako izugarrizko zerga murrizketetan atzera egiteko.

d) Aurrekontu norabide hau bateraezina da Europako gobernantzaren arauekin eta Espainiako estatuan ezarritako gastu arauarekin. Horregatik, euskal erakundeek horiekin hautsi behar dituzte, behar sozial eta ekologikoak lehenetsiz.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.