2018-11-21 15:27
15 eguneko greba igaro ostean, lehen hitzarmenaren aurreakordioa erdietsi dugu Inyectados Gabi, S.A. eta Galter, S.L. enpresekin. Aurreakordioak hauxe barneratzen du, besteak beste:%2ko soldata igoera 2018. urterako;%2ko soldata igoera 2019. urterako, KPI-aren bermearekin; plusen igoerak eta 200€ gehiago aparteko ordainsariei dagokienez.

Halaber, aurreakordio honek hobekuntzak barneratzen ditu baimen eta lizentzien arloan. Horrez gain, enpresak konpromisua hartu du mutuekin ez kontratatzeko aldi baterako ezgaitasunen kontrola eta jarraipena, gaixotasun arruntetatik eratorriak direnean..

ELAk hauxe azpimarratu nahi du: hitzarmen kolektiboak erdietsi du lan erreformaren aplikazio eza, eta, ondorioz, enpresak ezin ditu alde bakarrez aldatu edota aplikaziorik gabe utzi soldatak eta hitzarmenaren edukiak. Hala, lanpostua babesten da, enpresak ezingo baitu langilerik kaleratu aldi baterako ezgaitasun egoeragatik.

Are gehiago, hitzarmenak barneratzen ditu ultraaktibitate mugagabea, bai eta Estatuko hitzarmena ez aplikatzea ere.

Inyectados Gabi,S.A eta Galter, S.L.ko langileek irakaspen handi bat eman digute: antolakuntza eta borrokaren bidez hitzarmen kolektibo duinak lortu daitezkeela. Hala, sindikatuan lanean jarraitzen dugu, lan erreforma hutsaren hurrengoa izateko Euskal Herrian. Aipamen berezi bat egin nahi genieke Zaldibarreko herritarrei: eskerrik asko grebalariei emandako babesagatik, zuen babesa eta berotasuna erabat garrantzitsua izan baita hitzarmena erdiesteko.

Azkenik, ELA sindikatuak hausnarketa hauxe egiten du, beste behin ere: bai gobernuak, bai patronalak, behin eta berriz aipatzen duten egoera ekonomikoa hain ona bada, bada garaia hitzarmenen edukiak egoera ekonomiko horren mailara hel daitezen. Laburbilduz, hitzarmen kolektiboak behar ditugu, zeinetan langileek beraiek sortzen duten aberastasunaren banaketa justu bat egiten den.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.