Uztailaren 28an Bizkaiko autoeskoletako azken mahai negoziatzailea izan zen. Ekainean eta uztailean egindako bost greba egunen ondoren patronalak mugitzera behartuta sentitu da. Hala ere, bilera hartan patronalak egindako proposamena oraindik oso urruti dago 11 urtez hitzarmena izoztuta daukaten langileen eskaera nagusienei erantzun egoki bat ematetik.
ELAk argi utzi zuen azken bileran bere eskaerak ez direla mugiezinak. Hori bai, patronalari jakinarazi zitzaion beraien proposamena sektoreko langileen lan baldintzak eta sektorea bera erregularizatu eta duintzeko helburutik oso urrun dagoela. Aldi berean, adostasunak bilatzeko patronalaren proposamenek jarraitu beharreko ildoen nondik norakoa argi utzi eta beste proposamen bat lantzeko galdegin zitzaien.
Iraila iritsita ez dago patronalaren berririk, ez eta proposamenik ere. Beraz, ekainean hasitako greba dinamika indartu beste biderik ez dago. Hau dela eta ELAk aste osoko greba deialdia erregistratuko du irailaren 20tik eta 24ra bitartean.
APAVI patronalak zuzendaritza batzordeko bilera dauka irailaren 15ean, eta hitzarmenaren negoziaketa izango da gai nagusia. ELAk batzordeari bi gauza eskatzen dizkio: bata, autoeskoletako hitzarmena berritu ahal izateko proposamenak lantzea; bestea, oinarrizkoa den greba eskubidearen urraketak alboratzea eta eskubide hau errespetatzea. Proposamenik ez, baina hainbat autoeskoletako langileek zehapen, kaleratze eta lan ordutegien aldaketa mehatxuak jaso dituzte.
Gogoratu behar da langile hauek 11 urte daramatzatela Lan Hitzarmena berritu gabe. Soldatak, ordutegiak eta gainerako lan baldintzak prekarioak eta kasu askotan irregularrak dira. Gainera, genero arrakala garrantzitsua dago feminizatuenak diren administrazio lanpostuei dagokionez. Sektorea duintzeko, profesionalizatzeko eta bere aldeko apustua egiteko ezinbestean erregularizatu eta duindu behar dira gero eta prekarioagoak diren lan- eta soldata-baldintzak. Horregatik, sektoreko langileen honako eskaerak luzatu nahi dituzte: