2018-10-22 14:20
Lau hilabete greban egon ostean, sinatu da Arrasateko etxez etxeko langileen aurreakordioa. Aurrerantz enpresarekin lortu da akordioa, estatuko hitzarmen batetik hitzarmen propio bat izatera pasa dira langileak -erreformen aurkako klausula guztiekin eta nola ez, hitzarmena aplikatzeko bermeak ematen dituen klausulekin-.

Akordioaren eduki nabarmenenak honakoak dira:

-2018rako %7ko igoera suposatu du soldata basean. 2019an KPI+0,5 puntuko igoerak %2,5a bermatuta, 2020rako KPI +0,5 puntuko igoerak, % 2a bermatuta.

- Lanaldia: Astean 35 ordukoa. Urtean 163 orduko murrizketa, lanaldi txikiak dituztenez horrek suposatzen duen inpaktu ekonomikoarekin.

- Gaixotasun arruntak % 80an.

- Plus berrien sorrera: garraio plusa, desplazamendua, baserrietara jo behar dutenentzat plusa…

- eta artikulu garrantzitsu bat: lan orduak modu ekitatiboan banatuko dira langile guztien artean. Lanaldien portzentaiak igoaz eta orduen banaketa arautuaz.

Garaipena sekulakoa izan da Arrasateko Udalarekin ere konpromiso zehatzak lortu baitira, ezin baita ahaztu udal honek honetan ardura zuzena izan duela hasieratik. Langileek dituzten ordu “pribatu” horiek guztiak publifikatzeko konpromisoa hartu du Udalak eta bestetik, langileek hala eskatuta, langileen ordezkariekin etxeko laguntzatik sortuko diren orduak kudeatu eta horiei jarraipena egiteko komisio beri bat sortuko da.

Borroka honekin etxez etxeko sistema beraren kudeaketa bera auzian jarri da. Lau hilabeteko greba izan arren, lau urte pasa dira langileek euren aldarrikapenak azalerazi zituztenetik eta Udalak ez die kasurik egin orain arte. ELAtik berriz ere, argi dugu antolakuntzak zenbaterainoko garrantzia duen, mobilizaziorik eta grebarik ezean ez baita horrelako garaipenik.

Langileek errespetua irabazi dute, hainbeste merezi duten duintasuna eta batez ere, ikusezin izatetik iritzi publikoaren lehen lerroan egotea lortu dute. Borroka feministari garrantzia eman eta zaintza lanen prekarizazioari aurre egiteko tresnak badirela adierazi nahi dugu, emakume lana azpimarratuz eta duinduz.

ELAtik eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu bidelagun izan diren Deba eskualdeko talde feminista guztiei, pentsiodunen elkarteei, bat egin duten erakundeei, etxez etxeko laguntzako erabiltzaile guztiei izandako pazientziagatik eta oro har, herritar orori, eskainitako babes eta laguntza guztiagatik.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.