2021-01-14 10:37
Azken asteko tenperatura baxuek argindarraren fakturak gora egitea eragin du, baina gorakada hau ez da kontsumoaren igoerari lotutakoa, energiaren sektoreak prezioak finkatzeko duen sistema horrela pentsatua dagoelako gertatzen da, horregatik prezioa finkatzeko sistema berehala aldatzea exijitzen dugu. Testuinguru honetan, ELAk elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzea eta energia sektorea berriro publifikatzea exijitzen du.

Energia sortzeko hainbat iturri erabiltzen dira eta sistemak hierarkia baten arabera erabiltzen ditu, lehenik berriztagarriak (ekoizpen merkeagoa) erabiliz, eta ondoren berriztagarriak ez direnak (ekoizpen garestiagoa). Baina prezioa finkatzeko ez da benetako kostearen arabera kalkulua egiten. sistemara sartzen den azken energia unitatearen prezioaren arabera kalkulatzen da, hierarkiaren arabera gas naturala izaten da azken sartzen dena, ekoizpen garestia duena, eta honek energia guztia gas naturalarekin ekoiztuko balitz bezala ordaintzea suposatzen du. Hau da, zenbat eta kontsumo altuagoa izan, prezioa garestiagoa da. Sistema hau guztiz injustua da, batez ere neguan eta hotz boladak etengabe ditugunean energiaren faktura izugarri igotzen delako, eta ez gehiago kontsumitzen dugulako, energia sektoreak behar horretaz baliatuz ahalik eta etekin gehiago sortzeko mekanismoak erabiltzen dituelako, gobernuen konplizitatearekin.

90. hamarkadan, energia sektorea pribatizatu zenean, saldu nahi izan zuten sektore pribatuak merkatuko prezioak konpetitiboagoak izango zirela kontsumitzaileen mesedetan. Argi geratu da energiaren pribatizazioak, beste sektore askotan bezala, sektoreko enpresa handien mesederako balio duela eta kontsumitzaileok guztiz babes gabe geratzen garela beraien aurrean. Pribatizazioak ez du funtzionatu prezio justuak mantentzeko, gutxi batzuek negozioa egiteko baizik. Energia sektorea berriro publifikatzea behar beharrezkoa da.

Arrazoi guzti hauengatik ELAk elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzea eta energia sektorea berriro publifikatzea exijitzen du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.