2019-02-13 12:22
Neoliberalek krisi honetan inposatu dituzten erabakiek ondorio latzak izan dituzte: langabezia, desberdintasuna, langileen miseria, xenofobia, matxismoa, ustelkeria eta gezurra, kutxa publikoen lapurreta, krisi ekologikoa, disidentziaren jazarpena... Hau ez da izan soilik une bateko kontua; ez da bapatean amaituko kapitalaren manipulazioa ere, zeinak politika karikatura bihurtu eta eskuin muturraren hazia ereiten duen. Iraultza kontserbadorea ari gara pairatzen, eta horrekin batera autoritarismoaren eta neoliberalismoaren gorakada.

Gobernuek men egiten diete politika soziala egitea eragozten duten muga estuei. Eta ezarritako markoan berdin du nork agintzen duen. Esaterako, esan ziguten murrizketak derrigorrezkoak zirela zerga bidezko diru-bilketa urritu egin zelako, eta defizitaren zein zorraren errua gastu sozialari leporatu zioten. Haatik, arazoa presio fiskal arinegia da, kapital eta enpresa errentek gutxi ordaintzen baitute, edo ezertxo ere ez. Baina orain, diru-bilketa hazten ari denean, osasunean eta hezkuntzan mozketei eusten diete... adostu duten zorioneko gastu arauak gastatzea galarazten duelako. Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburuak ondo definitu zuen arauaren indarra, eskuak lotzen zizkiela esanez; alabaina, harekin bat omen dator. Halakoxeak dira gure neoliberalak.

Edonola ere Eusko Jaurlaritzak enpresen interesak zaintzen ditu. Abantaila fiskalak ematen dizkie, lan prekarioa hedatzeko haien estrategiak babesten ditu eta sindikalismoa indargabetzen laguntzen die. Sekula ez die konturik eskatzen, patronalaren moral bikoitz berbera baitu, Garamendiren morala, zeinak CEOEko presidente hautatu dutenean erabaki baitu bere buruari 350.000 euroko soldata jartzea; soldata “apala”, bere esanetan.

Urkulluk errieta sindikalismoari egiten dio. Sindikalismoari egurra ematea meritua da Jaurlaritzako goi kargu izateko. Ez dituzte jasaten sindikatuak, ez eta grebak ere... Grebalariak emakumeak direnean ere ez. Martxoaren 8a bereganatzen saiatzen dira, genero desberdintasunaren analisitik kanpo uzteko beren politikaren eragina eta emakumea emakume izateagatik eskulan merke gisa esplotatzen duten enpresen interesak.

Jaurlaritzak nahiko luke, patronalak bezalaxe, gatazkak enpresetatik eta ikasgeletatik kanpo geratzea. Ukatu egiten dute gatazkarako arrazoirik dagoenik. Baina ELAk harro erakusten die ikasten ari diren gazteei etsipenaren eta borrokaren artean hauturik duinena borroka dela. Uriarte sailburuaren eta Kristau Eskolaren iritziaren kontra ikastetxeetan greba egiteak gure seme-alabei beste balio batzuk helarazten dizkie, eta halako balioen premia handia dugu.

Horregatik indargabetu nahi gaitu gobernuak. Horregatik ez ditu hauteskunde sindikalen emaitzak errespetatzen. Urkulluk negoziazio kolektiboan gutxiengoen akordioak ontzat eman zituen, eta orain dekretu bidez arautu du mamirik gabeko elkarrizketa soziala. Gainera, ezarri dute Jaurlaritzak eta Confebaskek akordioak ixteko nahikoa dela %10eko ordezkaritza duen sindikatu bat. “Elkarrizketa soziala” delakoak hamar urte bete ditu; hain zuzen, langile klasearen aurkako erabaki oso latzak hartu diren hamarraldia. Ez da serioa. Hori da Jaurlaritzaren Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Markoa, politika antisoziala aplikatzea eta euskal gehiengoak gutxiestea. Urkulluk dioenez, “konfrontazioa ez da aukera bat”, eta boletin ofizialaz baliatzen da bere gizarte-eredu neoliberala ukatzen dugunon aurka.

Gobernu honekin harreman normalizatua ezinezkoa izan da. Pentsa, bilera bat egin ahal izateko exijitu izan digute beren politikak zalantzan ez jartzea. Erakunde sozialekiko harreman era bakarra onartzen dute, menpekotasunezkoa edo klientelarra, baina horrelako harremanak ez dira demokratikoak.

Horrenbestez, derrigorrezkoa da ezkerrari buruz gogoeta egitea. Ezkerrak ezin du ontzat eman eskuinak eztabaida nagusiak bahitu eta hegemonizatzea. Hori gerta ez dadin lan handia egin behar da eta jendearen arazoak aintzat hartu. Haatik, ezkerrak lehentasuna beste zerbaiti ematen dio: hauteskundeak irabazte aldera “zentralitatea irabazteko moderazioa”ri. Noiz, eta prezeski eskuinaren aldirik erreakzionarioena bizi dugunean, gehiengo sozialak esaten duenean bere kezka nagusiak direla langabezia, soldata kaskarrak eta pentsioak.

Ezkerra ezin da marka bat bihurtu; ezin dio jendeari esan aski dela agintera iristea, horrela politikak aldatuko direlakoan. Hau beharrezko baldintza da, baina ez nahikoa. Begira bestela inguruko kasuei. Ezker politikoak lehentasuna eman beharko lioke mobilizazio sozialari, sare sozial alternatiboa indartuko duten egiturak garatzeari, errealitateari eta politikaren mamiari. Ezkerrak ez du zertan beldur izan oposizioa egin eta hau azaltzeko. Pedagogia soziala berreskuratu behar da. Politikan baliagarri izatea ez da derrigor sistemarekin adostea. Areago, hauteskundeak irabazita ere proiektua gal baitaiteke. Hori gertatu zitzaion sozialdemokraziari kontsentsu neoliberala bere egin eta alternatiba gisa desagertzean. Agian “zentralitatea irabazi” nahi duen ezkerrarentzat sindikalismo jakin bat traba bilakatu da. Hori eskatzen diote euskal neoliberalek: “sistemaren parte izan nahi baduzue, ahaztu sindikatuak!” Sindikatuak, eta ordezkatzen ditugun jendearen nahiak.

Gurasoen eskubideak ez dira zertan seme-alabenak izan. Eragin nahi badugu, baliagarri izan nahi badugu, ezinbestekoa da alternatibekiko konpromisoa indartzea eta gure jendea antolatzea. Gure militanteen ilusioa piztea. ELAn uste dugu sindikalismoa kontrabotere izan behar dela; bestela ez da ezer. Ez gara sortu obeditzeko; izan ere, gero eta argiago ari baita geratzen mundu honen oinarria botere harremanak direla. Horregatik, ELAk uste du jarrera anbiguoak alde batera utzi behar direla. Argi ez hitz egiteak kalte egiten digu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.