2020-04-17 13:36
Lan Zuzendaritza Nagusiak Arcelor Mittalek aurkeztutako ERTEa atzera bota du. Zuzendaritza honen ustez, "ez da behar bezala egiaztatu" jarduerarekin jarraitzeko "aldi baterako ezintasuna". Era berean, adierazi du ez dela "osasun-jarduerei buruzko dokumentaziorik aurkeztu" ERTEa justifikatzeko, eta, horregatik, ez duela "ezinbesteko egoerarik egiaztatu".

ELAk ontzat jo du ERTE ukatzea. Ez zegoen inolako justifikaziorik, lan-agintaritzak adierazi duen bezala. Enpresak, gainera, ERTEa planteatu du langile guztientzat, taldeko enpresa batzuk %100ean lanean ari direnean.

ELAren ustez, Arcelor Mittalek datozen asteetan birplanteatu behar du bere jarduna. Hori dela eta, ELAk honako hau adierazi nahi du berriro: Enpresaren egoerak ez du ERTEa bezalako neurria justifikatzen, halabeharrez. Enpresak industria-plan integral bat egitea behar dugu, Euskal Herriko lantegien etorkizuna bermatuz eta azken urteotan etengabea izan den enplegu-galerarekin eta itxierekin amaituz. Oparoaldian ere enpresak ERTE batez baliatzen jarraitu du, duela 11 urteko kausekin. Laneko agintariek exijentzia handiagoa erakutsi behar dute praktika horiek kontrolatzeko orduan. ELAk gure jendearen etorkizunaren eta lan-baldintzen alde borrokatzen jarraituko du.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.