CGT, ESK, ELA-LAB, STEILAS, EHNE eta HIRUren oharra:
Lan istripu guztiak tamalgarriak diren arren, bereziki kezkatzen gaitu Sakana Sociedad Cooperativa-n eta bere lantegietan azken lau urteetako hirugarren hildakoa dela jakiteak:
Prekarietatea, eskubide falta eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden arrazoiak: aldi baterakotasuna, malgutasuna, azpikontratazioa, lan-erritmo bortitzak, babesgabetasuna, presioak, formakuntza eza...
Egiturazko arazo baten aurrean gaude. Kronifikazioa, ezbehar-kopurua eta osasun-kalteak handitu izana, patronalak, ahalik eta irabazi handienak ahalik eta epe laburrean lortzeko duen gose asegaitzaren, nahiz lan erreformek eragin duten prekarietate sarearen ondorio zuzena da.
Prekarietatea hedatuz doa eta ez dira beharrezko prebentzio neurriak hartzen. Gero eta gehiago dira egunero-egunero beraien bizitza arriskuan jartzera behartuta hiltzen diren langileak. Hala, lan-istripuak oinarrizko segurtasun neurriekin ekidin daitezkeela azpimarratu nahi dugu.
Oso kezkatuta gaude Sakana Sociedad Cooperativa-ko egoerarekin. Irmoki exijitzen diegu erakunde publiko nahiz enpresako arduradunei gaurko ezbeharraren inguruko faktore guztiak argitzea: prebentzio neurriak hartu ziren ala ez; neurri horiek egokiak ziren edo ez... Argibide guztiak ematea eta gardentasuna bermatzea eskatzen du.
Argi dugu lan eta bizi baldintza duinak behar ditugula eta lanetik etxera bizirik itzultzeko eskubidea dugula. Hori bermatze aldera, hemen gauden sindikatuok eskua zabalik dugu langile eta kooperatibistekin elkarlanerako. Ekimen hau prebentzio neurrien eta pertsonen aldeko ekimena da.
Azkenik, gure elkartasuna, babes osoa eta doluminak helarazi nahi dizkiogu Arbizuko Lakber Mecanizados lantegian hil zen R.A.C.en familia, lagun eta lankideei.
LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ! PREKARIETATEA HILTZAILEA!