2020-10-01 15:56
ELAren iritziz ezin da onartu arau horiek kenduta Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek erabaki izana defizita mugatu egingo dutela

Mikel Noval ELAko azterketa arduradunak esan duenez, “2021 eta 2021an arau fiskalak etetea, Sanchezen gobernuak iragarri bezala, albiste ona da, baina ez nahikoa”.

Novalek gogoratu du defizit eta zor publikoaren mugak, baita gastu-araua ere (zeinak ezartzen duen erakunde guztien aurrekontua gehienez zenbat haz daitekeen, baita euskal erakundeei dagokienez ere) politika publikoetan doikuntza ezartzeko mekanismoa direla. “Mekanismo horren aplikazioa etetea albiste ona da, baina ez litzateke bi urtera mugatu behar, behin betirako baizik. Esan izan digute ezinezkoa zela hori, baina orain ikusi da posible dela eta soilik borondate politikoa behar dela”. ELAk galdegin du berehala indargabe dadila Konstituzioko 135. artikulua, zeinak zorraren ordaina lehenesten duen beharrizan sozialen gainetik, eta Aurrekontu-Egonkortasunerako Legea, orain eten diren arau fiskalak jasotzen dituena. Izan ere, hori egin ezean 2022 gerta daitekeen zor publikoaren hazkundea aitzakia izango baita murrizketa gogorrak aplikatzeko. Halakorik 2008ko krisian ikusi genuen, eta berriz gertatzerik ez genuke onartu beharko.

ELAko arduradunak esan du ekitaldi honetarako eta hurrengorako arau fiskalak etetea baliatu beharra dagoela Euskal Herriko erakundeek (Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Foru Aldundiek eta udalek) handitu ditzaten oraingo krisi sanitario, sozial eta ekonomikoak agerian utzi dituen beharrizanak osatzeko aurrekontu-sailak. Novalen ustez, “honez gero Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez daukate aitzakiarik osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetako gastu publikoan Europarekiko dagoen gabezia murrizteko, ez eta enplegua sortzeko politikak erabakitzeko. Ezin dute esan Madrilek ez diela uzten langabe guztiei Gutxieneko Soldataren adinako laguntza bermatzen, etxebizitza izateko eskubidearen aitortza hobetzen edota menpekotasun egoera guztiak sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko baten bidez artatzen”.

2021eko EAEko zein Nafarroako aurrekontuak agintarien borondate politikoaren araberakoak izango dira. ELA zorrotza izango da aipatutako norabidea har dezaten, lehentasuna izan dadin pertsona guztiei ziurtatzea diru-sarrera eta eskubide sozialak izango dituztela bizimodu duin bat garatzeko moduan izan daitezen. Pertsonen erreskatea da lehentasuna; hitzak eta propaganda alde batera utzi eta egintzak behar dira.

Ekonomia Ituneko bitariko batzordean Jaurlaritzak, Aldundiek eta Espainiako Gobernuak iritsi duten akordioan BPGaren %3,5 eta %3ko defizit muga ezarri da 2020 eta 2021erako. Horrela, Novalen iritziz “EAEko erakundeak barregarri geratu dira eta austeritate politikari eusteko nahia agerian utzi dute”. Onartezina da noiz, eta defizit mugak kendu diren egunean bertan, euskal erakundeek euren buruari mugak ezartzea, areago Azpiazu Ogasun sailburuak esan duenean ez dakiela erabaki hori nahikoa izango ote den diru-bilketan izandako galera osatzeko. Eusko Jaurlaritzak lehengo politika berari eutsi nahi dio: sailburuak adierazi du arduraz jokatu behar dela arlo fiskalean, bi urteok igarota aurrekontu egonkortasunera itzuli beharra izango baita. Argi dago borondatea zein den.

Azkenik, Novalek gogoratu du ELAk maiatzean plazaratu zuen proposamen fiskala: “Sozietateen zergan eta Ondarearen eta Fortuna Handien zergan erabaki egokiak hartuta diru-bilketa 3.750 milioi gehitu liteke EAEn eta 900 Nafarroan”. Arau fiskalak eteteak erakundeei zorpetzeko eta gasturako beta ematen dien arren, argi dago 2022tik aurrera haietara itzultzeko asmoa dutela; beraz, proposatutako zerga-erreformarik egin ezean kasurik hoberenean murrizketak atzeratzea besterik ez du eragingo”.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.