2019-11-13 16:39
Igorreko Araluce enpresako langileen eta zuzendaritzaren arteko tirabirak areagotu dira, trokel-lantegi horren likidazio-arduradunak lantegia ixtea erabaki baitu, harik eta langileek astean zenbait egunetan egiten dituzten lanuzteak bertan behera uzten dituzten arte, eta egiteko lanak amaitzeko konpromisoa hartzen duten arte. Langileak lantegitik kanpoaldean daude, eta haien ustez ugazaben itxiera hori xantaia-saiakera bat da, enpresa ixtera daraman ibilbide-orria onarrarazteko. Itxieraren ondorioz 141 langile lan barik geratuko lirateke.

Sindikatuek, beste irtenbide batzuen artean, itxiera atzeratzea planteatu diote zuzendaritzari, inbertsiogileen etorrera errazteko edo langileak kooperatibako beste konpainietan birkokatzeko, baina zuzendaritzak baztertu egin ditu aukera horiek.

Batz Mondragon Kooperatiba Taldeko kidea da, eta duela aste batzuk iragarri zuen Araluce ixteko asmoa zuela. Kooperatibak 2016ko azaroan erosi zuen konpainia, automobilgintzarako trokelak fabrikatzeko bere saila handitzeko. Orduan, langileek lan-murrizketa nabarmenak onartu zituzten, enpresaren bideragarritasuna ziurtatzeko, baina Batz Taldearen konpromisoak paper errean geratu dira hiru urte eskas geroago.

Araluceko langileek errepikatu dute ez dutela etsiko, eta azken mugaraino borrokatuko dutela beren lanpostuen alde.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.