2020-04-29 18:28
Eguneko Zentroetako langileek, orain Foru egoitzera lanera bidaliak izan direnak, ez dute foru langileek bezain beste kobratzen eta Foru aldundia ez da horretaz arduratzen.

Martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduan oinarrituta, Arabako Foru Aldundiak, Bizia Eguneko Zentroko langileak foru egoitzera lanera bidali ditu, Covid-19aren osasun-larrialdiaren ondorioz sortu diren beharrei erantzuteko. Nahiz eta langile horiek foru-egoitzetako plantilla eta ekipo arruntak izatera pasatu diren (kasu honetan Zadorra egoitzakoa), gainerako langileen egutegi eta ordutegi bera betetzen ari diren eta, batez ere, lan bera egiten duten, atxikita dauden zentroko lan-baldintzen arabera kobratzen dute, Zadorra egoitzako berezko langileek jasotzen dutena baino askoz ere kopuru txikiagoa, alegia.

ELAk bi gauza azpimarratu nahi ditu: alde batetik, hirugarren adinekoen egoitzak kudeatzeko sistema gaiztoa salatu nahi dugu, Aldundia baita horren azken eta arduradun nagusia. Egoitza publikoen foru-sarea ez ezik, Araban oso hedatuta daude egoitza kontzertatuak eta pribatuak, non erabiltzaileek jasotzen duten arreta eta langileen lan-baldintzek ez daukaten zer ikusirik sare publikokoekin. Hitzartutako hobekuntzaren bat egon ezean, egoitza pribatuetako langileek estatuko hitzarmenaren arabera kobratzen dute.

Bestalde, foru-aldundiari gogorarazi behar diogu langile horiek foru-egoitzetako plantilletan sartu direnean, euren egutegiak, ordutegiak eta lanaldiak aldatu egin direla, eta askotan urratu egin zaiela lana eta familia bateratzeko eskubidea. Ez da ahaztu behar, zoritxarrez, gaur egun ere kontziliazioaren zama emakumeena dela gehienbat. Honek, ekitaterako falta zaigun bidean, gure erakundeentzako kezka bat suposatu beharko luke.

Era berean, garrantzi maila berdinean jarri behar dugu, aldundiak ez duela bere lan poltsetako behin-behineko langileak kontratatzeko horrenbesteko beharrik. Aldundiak bermatu behar du Bizia Eguneko Zentroko langileek Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko langileek adina kobratuko dutela, eta aurrez aldi baterako zerbitzuak ematen zituzten langileak lanera itzuliko direla. Beste edozein neurri, "Eskulan" merkea eta prekarizatua erabiltzea litzateke, osasun-larrialdietarako ezarritako ezohiko neurriez baliatuta.

Apirilaren 30ean ELA Arabako Foru Aldundiarekin bilduko da, eta egoera horiek bideratzea eskatuko diogu. Beste probintzia batzuetan, aldundiek bere gain hartu dituzte baliabide pribatuetako langileen soldata-aldeak zentro publikoetara zerbitzuak ematera bideratu dituztenean. Araban ere berdin egitea eskatzen dugu. Era berean, ez dugu ahaztu behar Araban probintzia-hitzarmenik gabeko EAEko lurralde bakarra izaten jarraitzen dugula; beraz, are lazgarriagoa da hori Arabako langileen kasuan. Berriro ere, Araban hitzarmen probintzial bat bultzatu ahal izateko behar diren baliabideak jartzea eskatzen dugu. Erakundeen betebeharra delako zaintzen gaituztenak zaintzea.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.