2020-11-27 13:30
Concesionaria AP1ek (Yarritu, Valoriza eta Señalizaciones Villar enpresez osaturiko UTEa) AP1 autopistako ordainlekuak kudeatzeko emakida du Araban, 2018ko urritik aurrera. Bada, bere jarduera hasi eta 2 urtera, langileen lan-baldintzak arautu gabe jarraitzen dute, “Arabat eta Aldundiaren utzikeriaren ondorioz”. Gauzak horrela, ELAk dio aplikatzen diren baldintzak (Arabako Eraikuntzaren Hitzarmena) oso desegokiak direla ematen den zerbitzurako. Adibide bat jartzearren, Eraikuntzaren Hitzarmenean ezarritako lanaldia astelehenetik ostiralera doa, eta autopistako ordainlekuetan, berriz, urteko 365 egunetan lan egiten da. Langileen eskaeren artean honakoak daude: lan-baldintzak erregulatzea eta lana kalitate eta segurtasun baldintzetan egin ahal izatea, bai erabiltzaileentzat zein langileentzat. Ildo beretik, Arabako Aldundiari esku hartzea exijitu diote, gatazka berehala konpon dadin.

Araban, AP1 autopistako ordainlekuak kudeatzeko emakida duen Concesionaria AP1eko (Yarritu, Valoriza eta Señalizaciones Villar enpresez osaturiko UTEa) langileek abenduko 4 ostiraletan lanuzteak egingo dituzte.

ELAk gogorarazi duenez, hasiera batean, ordainlekuak mantentzeko, gordetzeko eta kudeatzeko ardura zuena Foru Aldundiaren enpresa publikoa zen; baina ardura hori, bere baliabideez eraman beharrean, enpresa pribatu bati azpikontratatzea erabaki du, aipaturiko Concesionaria AP1i, hain zuzen. Bada, Concesionaria AP1ek bere jarduera hasi eta 2 urtera, langileen lan-baldintzak arautu gabe jarraitzen dute, “Arabat eta Aldundiaren utzikeriaren ondorioz”.

Concesionaria AP1ren kudeaketa zalantzan jartzeko arrazoiak badirela dio ELAk; izan ere, pleguen ez-betetzeak sistematikoak izan dira, une askotan beharrezkoa den langile-kopurua baino langile gutxiago jartzen dituzte, pleguan zerbitzua emateko ezarrita dauden ibilgailuak ez daude eskuragarri, hainbat elementutan (tunela, telefonoak, argiak, dilatazio-junturak...) mantentze-lan egokiak ez dituzte behar bezalako arretaz egiten, eta abar. “Horrek ondorio larriak izan ditzake langileentzat beraientzat eta autopistako erabiltzaileentzat”, kexu da.

Hori guztia sozietate publikoaren ondoz ondoko kontseilari delegatuei salatu zaiela gogorarazi du ELAk, baina ez dutela lortu inolako neurririk salaturiko ez-betetzeak errepika ez daitezen. Langileen lan-baldintzen erregulazioari dagokionez ere ez dute erantzunik jaso.

Sindikatuak gogora ekarri duenez, Concesionaria AP1ek lizitazio-prezioa modu ausartegian jaitsi zuen, ia %20a; eta horregatik esleitu zioten emakida. “Deigarria da oso, emakida horretako merkatu-prezioak ezagutzen dituen enpresa pribatu batek hain beheraino jaistea aurrekontua, esleipenaren iraupen osoan zehar izango zituen barne-tentsioak jakin arren, eta aldundiak kostuak sobera xurgatzeko diru-zuzkidura nahikoa zeukala jakin arren”.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.