2020-11-10 14:29
Osakidetzako langileak Arabako eta Gipuzkoako zentroetako atarietan kontzentratzera deituta daude azaroaren 11ean: goizeko 11etan ospitaleetan eta 13etan lehen arretako osasun-zentroetan. Halaber, ostegun honetan, azaroaren 12an, Bizkaiko Osakidetzako langileek 24 orduko greba egingo dute, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuok deituta.Salatu nahi dute, berriro ere, pandemiaren bilakaeraren ondorioz egoera egunetik egunera larriagotzen ari den bitartean, ez dutela dei bakar bat ere jaso Osasun Sailetik

Sindikatuen agiria:

Deialdia egin dugun sindikatuok plantillaren egoera kezkagarria salatu nahi dugu. Egoera hori egunetik egunera larriagotu egiten da pandemiaren bilakaeraren ondorioz eta horren ondorioak, langileek ezezik, herritarrek ere jasaten dituzte. Argi eta garbi esan dezakegu, lehen konfinamendua igaro ondoren, Osakidetzak ez duela plangintza egokirik martxan jarri, ezta birusaren balizko berragerraldiei bermeekin aurre egiteko beharrezko errefortzuak ere. Gogoratu behar da, birusa agertu aurretik, lan gainkarga sistematikoa zegoela Osakidetzan. Gaur egungo egoeran, lana modu esponentzialean biderkatu da eta inoiz baino beharrezkoagoak dira iristen ez diren errefortzu horiek.

Horren adibide argia da, berriz ere, kolapso egoera batera iritsi garela, eta egoera horretan ezinezkoa dela arreta-jarduera guztiari erantzutea. Hala, martxoan gertatu zen bezala, jada ezin da denera iritsi, eta horregatik hasi dira programatutako edota presazkoa ez den ohiko arreta atzeratzen. Gure kezka azaldu nahi dugu neurri horien aurrean; izan ere, Covid 19az bestelako patologien arretan, etengabeko atzerapenak gertatzen ari dira. Atzerapen horiek ondorio larriak izan ditzakete herritarrentzat, eta, zalantzarik gabe, agerian uzten dute gure osasun-sistemak, gaur egungo berragerraldiaren aurrean, ez daukala baliabide nahikorik herritarren arreta-beharrei erantzuteko.

Horrela, Osasun Sailaren propaganda-adierazpenetatik harago, lehen arretako osasun-zentroetara joaten diren pazienteek ez dute zalantzarik erabat gainezka daudela eta egoera okerrera doala. Eta gauza bera esan dezakegu gainerako arreta-eremuei buruz, lan-karga eta presioa gero eta handiagoak baitira. Profesionalek beren lanaldiak sistematikoki luzatu behar izaten dituzte, atsedenei uko egin, txandak bikoiztu, egunero lan-karga jasanezinak jasan, eta abar.
Egoera larria izanik, eta Araban eta Gipuzkoan egindako greba-deialdien arrakastaren ondoren, Osasun Sailak ez du inolako elkarrizketarik izan deialdia egin dugun sindikatuokin: ez dugu dei bakar bat ere jaso. Komunikabideen bidez neurri batzuen berri dugu, eta salatu nahi dugu, ohikoa den bezala, Eusko Jaurlaritzaren aldetik erabateko opakutasuna eta informazio falta dagoela. Era berean, ez dago negoziaziorik mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenei buruz, eta ez da neurri bakar bat ere planteatu urrunetik datozen egiturazko arazoei irtenbidea emateko.

Horregatik guztiagatik, dei egiten diegu langileei biharko, Gipuzkoan eta Araban deitutako elkarretaratzeekin eta ostegun honetarako Bizkaian deitutako 24 orduko grebarekin masiboki bat egiteko. Gure osasun publikoaren etorkizuna dago jokoan.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.