2021-04-19 11:37
ELAk bere babesa adierazi dio apirilaren 22an sektore publikoan deitutako grebari. Sindikatuak sektorean dituen arduradun Igor Eizagirrek eta Miren Zubizarretak adierazi dutenez, greba honetan asko dago jokoan. “Behin-behinekotasuna sektore publikoan eskandalu bat da, eta egoera irauli nahi badugu ezinbestekoa da mobilizatzea. ELAren helburua behin-behinekotasun egoeran diharduten milaka langile horien enplegua kontsolidatzea da, eta apirilaren 22ko greba ezinbestekoa da helburu horretarako”.

Egungo abagunearen azterketa zorrotza egiteaz gain, ELAk dituen proposamenak aurkeztu ditu. “Egungo egoera erabaki politiko baten ondorioa da. Gobernu eta administrazio ezberdinek behin-behineko enplegu politika bat aplikatzea erabaki dute urte luzez. Helburua behin-behinekotasunarekin modu ez traumatiko batean amaitzea da, hau da, behin-behineko moduan lanean ari diren langileei lanpostua mantentzea ahalbideratuz. ELA aspalditik dabil gai hau bere aldarrien erdigunean jartzen eremu publikoko sektore eta administrazio ezberdinetan. Proposamenak egon badaude, eta sindikatua egiten ari den informazio kanpainaren baitan jasotzen ari gara”.

 

Hau da ELAren irakurketa eta proposamena:

EAEko Enplegu publikoaren egoera. Erabat egoera larria.

  • Enplegu ratioak eta azpikontratazioa
    • Enplegu ratioak. Europako bataz-bestekoa langileen %20 langile publikoa, Estatu Espainiarrean % 16 Hego Euskal Herrian %12
    • Azpikontratazioa. 120.000 langile azpikontratatu zerbitzu publikoetan, esparru osoak (zaintza esparrua esaterako). Gehiengoa emakumeak izatea, genero irakurketa oso larria du.
  • Behin-behinekotasuna sektore publikoan eskandalu bat da:
    • Behin-behinekotasuna %40tik gorakoa alor guztietan.
    • Behin-behinekotasun hau sistematikoa, orokortua eta kasu askotan iruzurrezkoa da. Sektore, Administrazio eta esparru guztietan errepikatzen da alegia (Hezkuntzan, Osasungintzan, udaletxe eta foru aldundietan, administrazio orokorrean etab)
    • Europa eta Estatuko behin-behinekotasun maila altuena da (EJk onartua)

 

Enplegu publikoaren egoera honen ondorioak.

  • Honek eragina dauka langileen lan baldintzetan:
    • bai behin-behinekotasuna pairatzen duten langileengan, prekaritatea.
    • bai gainerako langileengan (lan karga gehigarriak eta desegonkortasuna lan taldetan)
  • Baina baita hiritarrek jasotzen ditugun Zerbitzu publikoetan ere:
    • Zerbitzu publikoen kalitatean eragina dauka, oso nabari geratzen ari den bezala gaur bizi dugun pandemian.

 

Egoera hau erabaki politikoen ondorioa da, eta helburu batzuei erantzuten dio

  • Gure gobernu eta instituzioek behin behineko enpleguaren aldeko apustua egin dute:
    • Pribatizaziorako ezinbesteko aurretiazko pausoa delako
    • Enplegu publikoa suntsitzeko erraztasuna ematen duelako
    • Diziplina tresna ere badelako
  • Horregatik babestu dituzte besteak beste, erreposizio tasak, aurrekontu mugak edota hautatze prozesuen inguruko mugak ezartzen dituzten estatu mailako arau desberdinak; urteroko Estatu mailako aurrekontuak kasu.

 

Enplegu publikoaren egoerak argi erakusten du, gure agintariek, ez dutela zerbitzu publikoetan sinisten eta langileentzat XIX. mendeko lan baldintzak bultzatzen dituztela.

Testuingurua

  • Europako epaitegiek txartel gorria atera diete gure agintariei. Behin-behinkotasunaren abusuzko erabilera egin/egiten dela argi eta garbi utzi dute, baita hau europar direktiba/araudiaren kontrakoa dela zein hau bideratzeko hemengo gobernuek arautu behar dutela ere.
  • Estatuko legebiltzarrean Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren (LPOE-EBEP) aldaketa planteatzen ari dira. Daukagun informazioaren arabera, ez du ematen bermedun aldaketarik denik. Gaur egun hemengo alderdiek zeresan handia dute eta aldaketa honetan posizioa markatu eta aldaketaren norabidea baldintzatzeko aukera daukate .
  • EAEko legebiltzarrean eskala eta kidegoen lege proiektuaren baitan ustez behin behineko enplegua kontsolidatzeko xedapenak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak legebiltzarrean.
    • ELA oso kritiko izan da proposamen honekin. E.J.ak sektore publikoan daukagun behin behineko enplegua kontsolidatzeko alternatiba gisa aurkezten dituenak ez dute helburu hori lortzeko balio: langile eta sektore ugari bere aplikazio eremutik at uzten dituelako eta arautzen duen prozesuak ez duelako bermatzen ez behin behineko langileen kontsolidazioa ez eta lanpostu publikoen sorrera eta kontsolidazio ere.
    • Xedapen hauek ez dute inolako babesik, ez alor politikoan ez sindikalean, eta gainera beraien edukia konstituzio kontrakoa dela ebatzi du berriki Auzitegi Konstituzionalak.
    • Ondorioa argia da: Eusko jaurlaritzak alternatiba gisa aurkeztu nahi izan dituen xedapenek ez dute balio, ez dute arazoa konpontzen eta definitiboki alboratu behar dira.

Greba eta mobilizaziorako unea da. Testuinguru honetan, erabaki politiko horiek baldintzatu nahi ditugu, daukagun behin-behinekotasun arazoari irtenbide egoki bat emango dioten erabakiak bultzatzeko interpelazioa eta deia egin nahi diegu hemengo agintari eta alderdi politikoei, bai Madrilen eta bai hemen.

 

Irtenbidea egokia izango da

  • Egun dauden behin behineko langileak kontsolidatzeko baliagarri eta eraginkorra bada sektore publikoko esparru guztietan.
  • Lanpostu publikoen mantentzea bermatzen badu.

 

ELAk badu proposamena. EAEn ditugun ia 60.000 behin behineko langile publikok lanpostua kontsolidatzeko prozesu erreal bat, honako ezaugarriak dituena:

  1. Habilitazio legala. EBEP aldaketaren bitartez gure herrian kontsolidazio prozesu errealak hemen erabakitzeko eta gauzatzeko oztopoak kenduko dizkigun marko arautzaile bat jasotzea.
  2. Kontsolidazio lege propio bat. kontsolidazio prozesu proposamen bat landuta daukagu. Ezaugarri nagusiak:

Prozesura atera beharreko lanpostuak. Lanpostu estruktural guztiak

  • Sektore publikoko administrazio edo esparru bakoitzean estrukturalak diren lanpostuak azaleratu eta lanpostu zerrenda ofizialetan jaso
  • Estrukturalak kontsideratuko dira:
    • 3 urtez behin-behineko langile bidez beteta egon diren lanpostuak edo gutxiago estrukturalak badira (langile ezberdinek bete arren)

Prozesua bera

  • Oposaketa faserik gabekoa edo oposaketa fasea egotekotan, ez baztertzailea eta gehienezko puntuazio globala duena (gehienez 1,5 urteko lan esperientziaren parekoa).
  • Lehiaketa fasean meritu gisa kidego horretan lan egindako denbora baloratuko da. Parte hartzaileak lan egindako denboraren arabera ordenatuko direlarik

Kontsolidazio prozesuak ez gauzatuz gero, administrazio horri zigorra

  • Izendapena amaitzean zaien behin behinekoei 45 eguneko indemnizazioa lan egindako urte bakoitzeko.
  • Dagokien ardura penal zein administratiboak galdegiteko aurreikuspena.
  • Ezinbestekoa da lege horrek egoera hau errepika ez dadin mekanismoak erregulatzea.

 

Apirilak 22ko Greba ezinbestekoa iruditzen zaigu eta EAE ko langile publikoei grebarako deia luzatzen diegu, ondorengo helburu hauek lortzeko:

  • Gure herriko sektore publikoak eta hauek aurrera eramaten dituzten langileak bizi duten egoera latza eta horrek dituen ondorioak salatu eta ikustarazteko.
  • EAEko gobernu eta alderdi politikoei bere erabakiak errotik aldatzera behartzeko.
  • Eta horretarako lehen pausu bezala, 60.000 langile publikok beraien enplegua kontsolidatzea, zein lanpostu publikoen sorrera eta kontsolidazioa lortzea
  • Pribatizazioari atea ixteko pausoak ematera derrigortzeko.

Egoera honen erantzule diren gobernu eta alderdiei ez diegu inolako oxigenorik eta betarik eman behar egoerari irtenbiderik eman gabe jarraitzeko.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.