ARGIA.eus

2019ko apirilaren 23a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2018-06-28 17:21
2018ko ekainaren 28an, LGTBIQ+ eta Sexu Askapenerako Nazioarteko borroka egunean, ELAn emakumeon arteko sexualitatea eta lesbianismoa argitara atera nahi izan dugu, alegia, ikuSEXzina ikusgai bilakatu. Bide horretan bidalagun izan dugu gaur Andrea Momoitio Pikara Magazine-ko kide eta koordinatzaile Andrea Momoitio. Donostiako EHUn antolatutako ekitaldian bildu gara lesbianen aldarrikapenen inguruan hausnartzeko.

Andrea Momoitiok izenburu adierazgarri bezain argigarria hautatu du bere hitzaldiari hasiera emateko: `Behar bezalako lesbianak. Deserosoak ez diren lesbianak. Lesbiana itxurarik ez duten lesbianak. Lesbiana egokiak´.

Premisa horretatik abiatuta, bere burua lesbiana eta feministatzat duen kazetariak lesbofobia oraindik ere gizartean oso presente dagoen arazoa dela azaltzeari ekin dio. Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunean, Momoitiok zuzenean interpelatu ditu bertaratutakoak: ?Gaur egun oraindik ere inork ez dio bere buruari galdetzen ea noiztik, eta, batez ere, ea zergatik den heterosexuala. Funtsean, kontrakoa esan ezean, heterosexualtzat hartzen dugu pertsona oro. Hori lesbofobia estruktural eta kulturala da?, baieztatu du. Zentzu horretan azpimarratu du nekeza bada ere, etengabe atera beharra dagoela armairutik. `Armairutik ateratzea ez da egun bateko kontua. Eguneroko ariketa da.

Azaldu duenez, aitortu beharra dago heterosexualitatetik at kokatzen diren identitate sexualak askeagoak direla orain lehen baino, baina argi dauka berak horrek ere baduela irakurketa politikoa, eta interesatua. Zergatik onartu eta legeztatu zuten sexu bereko pertsonen ezkontza? Bada, argi dauka berak: sexualitatea historikoki erreprodukzioari lotuta egon izan denez, pertsona guztien desioa eta hautu sexuala kontrolatzea ezinezkoa zitzaiela ikusi zutenean, sexu bereko pertsonak ezkontzea ahalbidetu zuten, betiere, bikote heterosexualen eskema bera jarrai zezaten: bikotea, familia, seme-alabak, hipoteka... ?Familia eta bikotea ezinbestekoak dira estatuak mantentzeko; maitasuna-ezkontza-amatasuna trinomioa da, gay, lesbiana eta trans pertsonak gizartean onartuak izateko bete beharreko trinomioa?, baieztatu du.

Horren harira, lesbianismoa gero eta onartuagoa dagoenaren ideia zalantzan jarri du Momoitiok, bai behintzat, heteropatriarkatuak ezarritako arauetatik ihes egin nahi duten lesbianen kasuan. Salatu duenez, jendeak lesbianak onartu egiten ditu, betiere, heterosexualen bizimodu edo eskeman sartzen badira, alegia, ezkondu egiten badira, seme-alabak badituzte, etxebizitza erosten badute, hipoteka kontratatu... finean, estatu quoa mantentzen baldin badute. ?Jendeak ulertzen du bi emakume maitemindu izana, baino ez du ulertzen bi emakumek elkarrekin txortan egin nahi izateak. Errazagoa zaie ulertzea maitasunagatik mugitzen zarela, ez, ordea, sexuagatik edo desio hutsagatik?. Are gehiago, kezkatuta agertu da, kasu askotan LGTB kolektiboko pertsonen eskubideak erabiltzen hasiak direlako politika neoliberalak bultzatzeko, besteak beste, haurdunaldi subrogatua bultzatzeko, betiere, status quoak bizirauteko behar duen gurpilean sartu daitezen gay, lesbianak, trans pertsonak...

Mugimendu feministarekin harremana

LGTB mugimenduarekin eta mugimendu feministarekin izandako harreman historikoaz ere aritu da Momoitio. Argi esan du lesbianen ahotsa ez dela beti behar beste ordezkatua izan aipaturiko bi mugimenduetan. Alde batetik, mugimendu feministak historikoki arazoak izan ditu lesbianen aldarrikapenak agendaren erdigunean kokatzeko; bestetik, LGTB mugimenduan gizon homosexualek hartu dute ia bere osotasunean, euren aldarrikapenetan zentratuz. Zentzu horretan esan du mugimendu feminista beldur zela, lesbianen agendak ez ote zuen mugimendua osoa bere gain hartuko. Horrekin kritiko agertu da: ?Lesbianon aldarrikapenen alde ez dute beti behar beste borrokatu, guk geuk ordea borrokatu dugu guretzat hain zentralak izan gabe, emakume heterosexualentzat oso garrantzitsuak ziren gaietan, adibidez abortuaren auzian?.

Ikusgarritasuna?

Azken urteotan Ekainaren 28ak hartu duen indar mediatikoaren aurrean kontuz ibili beharra ere azaldu du. Mezu argia bota du: hausnartu beharko litzateke ea egun lortu den ikusgarritasun hori ote den hasiera batean kolektiboak aldarrikatzen zuena edo estatuaren logika eta interesetan jausten ari ote garen. Iraultza kulturala izan beharko dela argi izanik, gogor salatu du lesbianen erreferente falta fikzioan.

 

Erlazionatutako edukiak:

Jone Bengoetxea: #YoSíTeVeo

Andrea Momoitio: Behar bezalako lesbianak?

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.