2020-03-18 11:31
Koronabirusaren krisia hasi zenetik anbulantzien azpikontratetako langileak, Ambuiberica zein Ambulancias Gipuzkoa, egoera prekarioan daude. Euren burua babesteko, eta pazienteak babesteko, beharrezkoak diren materialak falta zaizkie, eta hori arriskutsua da herritarrentzat; izan ere, jakin gabe kutsatuta egon daitezke, sintomarik gabe, eta eurak izan daitezke kutsatzeko bektorea euren laguntza behar duten pertsonak artatzera doazenean.

Horrez gain, langile hauek osasun-sektorearen barruan ikusten dutenez, administrazioak berak, bigarren mailako langile gisa tratatzen ditu, azpikontratatutako anbulantzietako langileentzat ez baitira aplikatzen Eusko Jaurlaritzak aplikatzen dituen segurtasun-protokoloak ospitale eta osasun-zentroetako langileentzat. Horren adibide garbia dugu Hernanin duela aste batzuk gertatutakoa; anbulategia itxita egon zen paziente bati egindako analisiaren emaitzak izan ziren arte, ziur aski positiboa. Hala ere, paziente hori artatu eta lekualdatu zuen anbulantzia martxan jarri zuten, nahiz eta emaitza horiek ez izan. Anbulantzia horretan lanean egon ziren langileak ere etxera bidali zituzten ezer gertatuko ez balitz bezala.

Egoera larriagotu denetik, sektore honetako zortzi lankide daude berrogeialdian, eta horietako batek positibo eman du analisietan; infektatuta dago, isolatuta. Aldi baterako ezgaitasun-egoeran dauden beste 3 lankide daude, eta ez zaie egin proba egokirik koronabirusari buruzko sintomatologiagaitik.

Kasu horiek guztiak pazienteei arreta ematen izan dira; ustez, koronabirusa ez duten pertsonei arreta ematen.

Maskara kirurgikorik gabe ari dira lanean, eta, anbulantziaren batek baldin baditu, langileek lanaldiko 12 orduetan maskara bera erabili behar dute, gainontzeko maskarak zaindu egin behar direlako, artatzen dituzten pazienteei jartzeko. Anbulantzia bakoitzeko 2 babes-ekipo baino ez dituzte, osatugabeak eta neurri bakarrekoak, koronabirusarekin infektatuta egon daitezkeen pazienteen deiak erantzuteko. Berez, abisu horiek ez lituzkete artatu behar, baina EAE osorako 4 anbulantzia baino ez daude abisu horiei erantzuteko,eta ez dira heltzen.

Enpresak ez du beharrezko materiala berritzen “stockaren” hausturaren aitzakiarekin, nahiz eta duela aste batzuk prebentzio-delegatuek askotan ohartarazi duten norbera babesteko ekipamendurik ez dagoela, eta enpresen aurreikuspenik eza salatu dute.

ELAk Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzen dio ekin diezaiola dagozkion neurriei, behartu dezala enpresa langileei behar adina babes-ekipamendu ematera, edo, bestela, Osasun Sailak berak eman ditzala azpikontratatutako anbulantzietarako ekipoak.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.