2022-12-02 11:52
Euskaraldia (halamoduz) joan-eta, Euskararen eguna ospatu behar al da orain? Aurtengo leloak 'hitzez ekiteko garaia' izatera bultzatzen gintuen. Hau bai erronka! Batez ere gure ingurua guztiz erdalduna den honetan: telebista, euskarri digitalak, sare sozialak eta abarrak, hau da, gure aisialdia, erdera hutsean jasotzen dugu. Nola izan, orduan, ahobizi edo belarriprest?

Are gehiago, denok ikusi dugu, edo geu ere izan gara, ahobiziren txapa soinean eraman eta gaztelaniaz mintzatu den norbait. Izena ematea erraza da, hitza betetzea zailagoa. Akaso, aurtengo leloak ‘hitza betetzeko garaia’ izan behar ote zuen?

Zergatik ospatu? Zer dugu benetan ospatzeko? Gure hizkuntza arriskuan dagoela? Nola izan euskaldun, etengabe, gure kontra doan inguru hain arrotz honetan?

Espainia eta Frantziaren zerbitzura dauden erakunde guztien erasoek, eta EAEko erakundeen utzikeriak ataka larri batera ekarri dute gure hizkuntza, gure herriaren, komunitatearen nortasunaren ardatz nagusia. Gure kargu uzten dute eginkizuna, euskararen biziraupenaren ardura norbanakoarena balitz bezala.

ELA Sindikatuan, LAB eta Kontseiluarekin batera, bagabiltza lan munduko euskararen normalizazioan, ahalik eta lantoki gehienetan langile eta herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen. Erronka honetan Euskaraldia aitzakia izan dugu, eta ELA ordezkatzen dugun pertsonen parte hartzea ezinbestekoa izan da.

Ez daukagu ospatzeko aitzakia gehiegi: enpresetako oztopoak, euskararen garrantzia falta, epaileen erasoek, Hezkuntza lege berria, edo EiTBren kudeaketa negargarria ez dira txaloka eta bibaka hasteko gaiak. Bai, ostera, geureari eutsi eta defendatzeko arrazoiak. Euskaraz bizi eta lan egitea gure eskubidea da, eta hala aldarrikatu behar dugu.

Abenduaren 3a, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.