2019-06-03 11:45
Alokairuaren batez besteko prezioa %10 igo da EAEn urte artean eta etxebizitzarena %8,9. Herrialde bakoitzean egon den bilakaera desberdina izan den arren, datuek erakusten dute prezioek izan duten dinamika edo bilakaera azken urteetan, ez dela izan hain desberdina. 2013tik igoera orokor bat ematen ari da alokairuetan. EAEn, 2013tik alokairuaren batez besteko prezioak%26,9 egin du gorantz

ELAtik behin eta berriro ohartarazi dugu etxebizitzaren alokairuen etengabeko prezioen igoeraz. Azkeneko artikulua, 2018ko maiatzean plazaratu genuen, “Alokairuaren burbuila ote dator?” izenpean. Urtebete geroago, berriro ere, errekor historikoa daukagu alokairu librean eskainitako etxebizitzen batez besteko errentan, urtez urte edo hiruhilekoz hiruhileko gainditzen den marka.

Eustatek aditzera eman dituen 2019ko datuek  erakusten dute EAEn lehen hiruhilekoan alokairuaren batez besteko prezioa 1.047,7 eurokoa izan dela, hau da, pasa den urtekoa baino %10 handiagoa, hura 952,2 eurokoa izan zen. Ez da soilik izan alokairuan gertatu den fenomenoa, etxebizitzaren salmentaren prezioa ere %8,9 igo delako 2018ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz.

Datu hauek herrialdeka aztertzen baditugu, errealitate desberdina hauteman dezakegu:

  • Gipuzkoa da alde handiaz egoera okerrenean dagoena, alokairuaren batez bestekoa 1.257,2 eurokoa izan delako, urte arteko %16,2ko igoerarekin.

  • Bizkaiari dagokionez, alokairuaren prezioa izugarri altua izaten jarraitzen duen arren, 967,3 eurokoa zehazki, azken urtean %0,3 igo da.

  • Arabako batez besteko alokairuaren prezioa, 882,1 eurokoa, %11,8 igo da azken urtean.

Dena den, azken urtean herrialde bakoitzean egon den bilakaera desberdina izan den arren, datuek erakusten dute azken urteetan  prezioek izan duten dinamika edo bilakaera, ez dela izan hain desberdina. 2013tik igoera orokor bat ematen ari da alokairuetan. EAEn, 2013tik alokairuaren batez besteko prezioa %26,9 egin du gorantz. Herrialdeka ikusiz gero, konturatzen gara, aurretik ikusi dugun moduan, Gipuzkoa dela egoera okerrenean aurkitzen dena. Izan ere, herrialde honetan prezioak %53 igo dira. Igoerek beste herrialdeetan, txikiagoak izan diren arren, oso altuak izaten jarraitzen dute, %18,6 Araban eta Bizkaian %15,3.

 

Etxebizitzaren alokairuaren batez besteko prezioaren bilakaera.2013-2019.

 

 

Frogatuta gertatzen da, hortaz, alokairuaren prezioa gorantz doan heinean, jendearen beharizanak eta arazoak ere handitzen direla. Beharrezkoa da aipatzea ez dela kasualitatea Gipuzkoan prezioak era horretan igo izana. Turismoak eta oporretako etxebizitzek erlazio zuzena izan dute horretan. Izan ere,  arazo horren erantzule nagusiak direla baieztatu dezakegu .

Beraz, argi dago merkatuak ez diela pertsonen behar izanei erantzunik ematen. Eskaintza eta eskaria da, eta hortaz espekulazioa, denaren gainetik dagoena. Horregatik, ELAtik uste dugu beharrezkoa dela etxebizitzaren gaian egiturazko aldaketa bat egitea eta hori dela eta, zenbait neurri proposatzen ditugu:

  • Alokairu sozialeko etxebizitza baten sarbidea bermatzea pertsona guztiei.

  • Prezioak ez ezik, oporretako etxebizitzak ere mugatzea.

  • Alokairua bultzatu, jabetzaren gainetik.

  • Hutsik dauden etxebizitzak okupatu.

  • Lurralde antolaketa eta lurzoruaren kudeaketa.

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.