2019-11-09 12:46
29 greba egun behar izan dira ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuek Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalekin akordioa itxi eta 10 urteren ondoren hitzarmena berritzeko.

Hilabeteko greba deialdia hastea ezinbestekoa izan da Gizarte Ekimeneko langileek hitzarmen duin bat izan dezaten, ordura arte patronalek eta Eusko Jaurlaritzak ez dute borondaterik erakutsi akordioa izan zedin. Gaur goizean egindako ordezkarien batzarrek atzo adostutako akordioa berretsi dute.

Akordio honek bereziki ondorio onuragarriak dauzka langile prekarioenen esparruetan. Hezkuntza Laguntza Espezialisten jardunaldia 97 ordu murriztuko da edo koordinaziorako gutxienez 35 ordu onartuko zaizkie, besteak beste. Era berean, Haur Hezkuntzako lehen zikloetako langileen jardunaldia 45 ordu murriztuko da eta urtean egiten dituzten lanorduetatik 125 koordinaziorako erreserbatuko zaizkie.

Langileek birkokapen eta enplegu sorrerarako akordioa itxi dute. Honen arabera etorkizunean ikasgelak ixten diren eskoletako langile guztiek aukera izango dute erretiroa hartzen duten beste langile batzuen lanpostuak betetzeko eta, ondorioz, lanik ez galtzeko. Hau posible izango da hein haundi batean erretiro partziala %75ean hartzeko eskubidea lotu delako sektoreko langile guztientzat.

Horrez gain, hitzarmenak iraungo duen lau urteetan sektoreko langileek 2009tik hona galdutako eros-ahalmenaren ia erdia berreskuratuko dute, zehazki KPItik gora 4 puntuko soldata igoera izango dute lau urteetan banatuta.

Horiekin batera hurrengo hobekuntzak izango dituzte, bai lan-baldintzetan zein ikasleen hezkuntza kalitatean ondorio onuragarriak izango dituztenak:

  • Irakasleek klaseak prestatzeko astean 3 ordu osagarri bermatuak izango dituzte.

  • Urtean aurrez-aurreko lana ez diren betebeharretarako 40 ordu aitortzen zaizkie.

  • Administrazioko langileek 30 ordu murriztuko dute beren lanaldia.

  • Ezusteko ordezkapenak 3. egunetik bermatuak geratuko dira.

  • Lanbide Heziketako irakasleen jardunaldia arautu da.

Patronalekin aurreakordioa itxita, eta birkokapenetan Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, greban ari ginen ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok asanbladetan akordioa berretsi dugu.

ELAk Gizarte Ekimeneko langileak zoriondu nahi ditu. Elkartasun eta eskuzabaltasun izugarria erakutsi dute borroka gogoangarri honetan. Beren lan-baldintzak hobetu dituzte eta beren ikasleen hezkuntza kalitatea ere nabarmen hobetuko dute. Balorazio sakonagoak egiteko momentua iritsiko da, gaur Gizarte Ekimeneko langile eta ikasleen garaipen hau ospatzeko eguna da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.