2018-10-16 12:19
ELAk akordio bikaina lortu du AFAn ( Alzheimerdun Gaixoen Familiartekoen Elkartea), eta hori dela-eta bertan behera utzi du greba mugagabea, langileek urriaren 1etik egin dutena. Izan ere, borrokaren hasieran finkatu ziren helburu guztiak bete egin dira: kaleratutako langilea berriro lanera onartu, okupazio-terapeuta kategoria aitortu, eta Bizkaiko Adinekoen Egoitzetako Hitzarmen Kolektiboaren eraginpean sartu.

Lorpen horien guztien bidez enpresa horretako langileen lan- eta bizi-baldintzak nabarmen hobetuko dira: %27ko igoera izango dute soldatetan eta 100 ordu gutxiagoko lanaldia, asteko 35 orduko lanaldiaren helburua lortu baita.

ELAk txalotu egiten du AFAko lau emakume langile horien borroka eredugarria. Oraingo honetan ere hainbat faktoreren emaitza izan da: zerbitzu publiko azpikontratatua —Bizkaiko Foru Aldunditik AFAra—, zainketa-arlokoa, soilik emakumeez osatua, enpresa txikia —lau langilekoa—, eta denak ELAko afiliatuak, AFAren gehiegikeriei aurre egitea erabaki dutenak.

Borroka horrek oso emaitza onak eman ditu lan- eta bizi-baldintzetan. Zorionak!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.