2019-05-30 17:07
Langileen erranetan enpresak lan egiteko erritmo "basatiak" ezarri ditu, baliabide teknikorik jarri gabe, eta horrek eragin ezin txarragoak ditu langileen osasunean.

Agoizko Siemens-Gamesako langileak ELA (6), LAB (4), UGT (2) eta CCOO (1) sindikatuek ordezkatuta, mobilizatu dira, enpresak hiru lankide, bajan edo ez Apto bezala kalifikatuak izan ondoren, kaleratu dituela salatzeko (Langileen Estatutuaren 52 artikulua). Izan ere, hamarka langilek erantzun diote Batzordearen deiari. Batzordeak  zalantzan jarri du enpresaren politika Lan Prebentzio eta Osasunaren arloan, goiburu honen pean: "Siemens-Gamesa juega con nuestra salud. Despidorik ez!!!". Enpresa Batzordeak honela kritikatu du Zuzendaritzaren jokabidea: "Lan egiteko erritmo gero eta azkarragoak ezartzen dizkigute, gure osasuna kolokan jarriz, eta gero, bajan egoteagatik, kaleratzen gaituzte".


Langileen legezko ordezkariek azaldu dutenez konpainiak lan-orduen kopurua palako gero eta gehiago murrizteko eskatzen die langileei, eta horrek eragin larriak ditu langileen osasunean. "Lan-karga basatiak ezartzen dizkigute, eta horrek bere eragina du gure osasunean" adierazi dute ordezkariek.


Lan egiteko erritmo bizi laster horrez gain enpresak ez ditu bajak lanbide-gaixotasuntzat hartzen, nahiz eta sarritan Agoizko lantegiko lan-kargarekin eta baldintzekin estu-estu loturik egon. Gainera, Batzordearen erranetara "denborak murriztu nahi dituzte, baina baliabide teknikorik jarri gabe, eta lesionatzen garenean, kaleratzen gaituzte".


Horregatik guztiagatik, eta batez ere azken hiru kaleratzeak salatzeagatik, Batzordeak deialdi hau egin du, eta oraingo egoera onbideratu ezean, mobilizazio gehiago eginen direla iragarri du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.