2019-09-26 15:42
Eusko Jaurlaritzak ez duela enpleguari buruzko proposamenik egin Mahai Orokorrean, EAEko behin-behinekotasun tasak Estatuko eta Europako handienak izan arren, salatu du ELAk. Bestalde, 2020. urterako egindako %2ko soldata igotzeko proposamenari erreparatzean, Espainiar Estatuak baimenduriko mailatik behera dagoela nabari da. Izan ere, Gasteizko eta Estatuko gobernuen artean hitzarturiko defizit-helburuen, gastu-langaren eta zorpetze-mugaren barruan dago.

Eusko Jaurlaritzak berriro baztertu ditu ELAren proposamenak, gaur Gasteizen egin den Mahai Orokorraren bileran: enpleguari, soldata-arloari, murrizturiko lan-eskubideak berreskuratzeari, eta gizon-emakumeen arteko benetako berdintasuna bermatzeari buruzkoak, guztiak.

Enpleguari dagokionez, Funtzio Publikoaren sailburuordeak ELAren proposamena baztertu du, bestelako proposamenik aurkeztu barik. Ez du behin-behineko enplegua kontsolidatzeko proposamenik egin, Estatuko eta Europako sektore publikoko behin-behinekotasun tasarik handiena eduki arren, adibidez Portugal edo Grezia bezelako estatuenak baino haundiagoa.

Jaurlaritzaren jokabide arduragabearen atzean, gobernu-taldearen erabaki irmoa dago behin-behinekotasun tasa onartezinei —%35tik gorakoak— eusteko, prekarietatea hedatzeko, eta euskal sektore publikoaren pribatizazioa aurrera eramateko.

Politika horrek ondorio larriak eragin ditu herri-langileen bizi-baldintzetan eta euskal gizarteari eskaintzen zaion zerbitzu publikoen kalitatean. Horren adibide garbia dugu gure herriaren ikastetxeetako eta osasun-etxeetako estuasunetan.

Jaurlaritzak 2020. urterako egindako %2ko soldata igotzeko proposamenari erreparatzean, Espainiar Estatuak baimenduriko mailatik behera dagoela nabari da. Izan ere, Gasteizko eta Estatuko gobernuen artean hitzarturiko defizit-helburuen, gastu-langaren eta zorpetze-mugaren barruan dago.

Igoera xume horrekin, herri-langileek hamarkada honetan metatuko duten eros-ahalmenaren galera %13-tik gorakoa da. Itzarriren inguruan Gorbernuaren proposamena da 2020ko abenduan aportazioa %0,5ean haunditzea. Horrek, aplikatutako murrizketa mantenduko luke %1ean, hitzartutako aportazioa %3 den heinean.

ELAk eskatu dio gobernuari marketing-kanpainak alde batera uzteko, eta benetako negoziazio bati heltzeko. Era berean, enplegu-arlorako proposamen bat luzatu diogu 40.000tik gora herri-langileren lan-egoera egonkortzeko eta finkatzeko, eta egungo behin-behinekotasuna tasak aurrerantzean errepika ez daitezen mekanismo eraginkorrak ezartzeko.

Halaber, ELAk Jaurlaritzari proposatu dio azken urteotan metatuz joan diren eros-ahalmenaren galerak langileei itzul diezazkion, Mahai Orokorraren esparruan ematen den genero-diskriminazioa eta gizonen eta emakumeen artean dagoen %24ko soldata-arrakala ezabatu dezan, eta gainerako murrizketen aurreko lan-baldintzak berrezarri ditzan (ordezpenak lehenengo egunetik, Itzarri, erretiro-primak, errelebo-kontratua...).

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.