2022-05-23 15:11
Gaur sinatu da Madrilen Erom, mantentze eoliko integrala egiten duen enpresa, Acciona Energiaren II. Hitzarmen Kolektiboan sartzeko akordioa, Nafarroako langileen gehiengoaren iritziaren aurka (% 75). Eromen LABk 3 ordezkari ditu, ELAk 2, CCOOk 2, Solidarik 1 eta UGTk 1. UGT eta CCOOek izan ezik gainerako sindikatuek uste dute akordio hori Accionaren neurrira egina dagoela eta nabarmen okertzen dituela langile gehienen lan-baldintzak: urteko lanorduen igoera nabarmena; malgutasuna nahierara; soldata-eskala bikoitza finkatzen da; familia eta lana bateratzea eragozten du, eta, larriena, are gehiago prekarizatzen dira kontratazio berriak.

Baldintza berri horiek Nafarroako Komunitatean lanpostuak galtzea ekarriko dute zuzenean, azken urtean 50 lanpostu baino gehiago galdu dituen plantillan ( % 25).
Errealitate gordin horrek talka egiten du bai gaur egungo eta etorkizun hurbileko energia berriztagarrien sektoreak dituen aurreikuspen onekin, bai energia-ekoizleak eta elektrizitate handiak lortzen ari diren onurekin.
Baldintza horiekin Acciona Energiaren hitzarmenean sartzeak aukera galdua ekarriko du Nafarroarako Hitzarmen propio batera iristeko. Enpresarentzat zein langileentzat ona izango den hitzarmen bat, etorkizunari begira langile egonkorrak eta kalitatezko lan seguruarekin konprometituak finkatzeko gai izango dena.
ELAk, LABek eta Solidarik aurreratu dute borrokan jarraituko dutela Nafarroan hitzarmen propioa negoziatzeko, langileen beharrei, arazoei eta eskaerei erantzuteko.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.