2021-11-24 08:13
Kongresua Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da, azaroaren 24an eta 25ean, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da: https://www.ela.eus/eu/kongresua. Lehenengo egunean, Batzorde Eragilearen kudeaketa txostenak bozkatuko da, Mitxel Lakuntza eta Amaia Muñoaren partaidetzarekin.

700 ordezkari baino gehiagorekin, goizeko 9:00etan abiatu da ELAren XV. Kongresua. Azaroaren 24an eta 25ean egingo da Euskalduna Jauregian, 'Benetan garrantzitsuak diren gauzak. Aktibatu. Lortu. Zaindu ' lelopean. Kongresuak langileak eta gizarte osoa aktibatu nahi ditu pandemiak inoiz baino nabarmenago utzi dituen gabezia eta erronkei erantzuteko.

Lehenengo egunean ekonomia eta kudeaketa txostenak eztabaidatu eta bozkatuko dira, berriro hautagai diren Mitxel Lakuntza idazkari nagusiarekin eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoarekin, besteak beste. Federazioetako eta eskualdeetako arduradunek ere parte hartuko dute. Kongresua amaitzeko, funtsezko langileei omenaldia egingo zaie.

Batzorde Eragile parekidea

Nazio Batzordeak proposatutako Batzorde Eragilean hiru kide berri izango dira: Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Gasteiz, 1989), Alazne Mantxola Mintegi (Legazpi, 1988) eta Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Durango, 1989).

Hori dela eta, Kongresuko babesa jasoz gero, aurrerantzean parekidea izango da Batzorde Eragilea, honako kideekin: Mitxel Lakuntza Vicario (Idazkari Nagusia), Amaia Muñoa Capron-Manieux (Idazkari Nagusi albokoa. Nazioartea), Amaia Aierbe Beloki (Zerbitzu Juridikoak), Xabi Anza Olarra (Prestakuntza. Iparraldea), Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Ekintza Soziala. Immigrazioa. Genero berdintasun politikak), Iván Giménez Gil (Komunikazioa), Pello Igeregi Santamaria (Negoziazio Kolektiboa. Lan Osasuna. Euskara), Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza), Mikel Noval Fernandez (Gizarte Politikak. Azterketa Bulegoa. Ingurumena), Leire Txakartegi Iramategi (Antolakuntza), Joseba Villarreal Olaizola (Hauteskunde sindikalak. Afiliazioa. Ekintza konfederalak), eta Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Sindikalizazioa. Planifikazioa. Genero ekitaterako plan estrategikoa).

Kongresua zifratan

Sindikatuaren estatutuei jarraiki, ELAko 736 delegaturen artean eztabaidatuko da Batzorde Eragileak aurkeztutako kudeaketa txostena, txosten ekonomikoa eta ponentzia. Delegatuak sindikatua osatzen duten eskualde edo lurraldeetatik zein federazio sektorialetatik (Industria eta Eraikuntza, Zerbitzuak eta Gizalan) datoz, beti ere, talde bakoitzaren afiliazioaren arabera. Hau da, eskualde eta lurraldeka 350 lagun izendatu dira eta beste 350 federazioetatik. Gainontzeko 36 pertsonak Nazio Batzordeko kideak dira.

Kongresuan izango diren 736 delegatuen artean, 384 gizonak dira eta 352 emakumeak (%47,2). Horrek agerian uzten du sindikatuaren genero berdintasunaren aldeko apustua. 2008. urteko kongresuan emakumeen parte hartzea %30,3koa izan zen, zoritxarrez; 2013an, %33,4koa, eta 2017an, %42,8koa.

 

Kongresuaren informazioa

Bi egun iraunen ditu Kongresuak. Baina pandemia dela eta, goizez soilik izango dira saioak.

Hona hemen lehen eguneko egitaraua laburtuta:

9:00 Kongresuaren hasiera

9:45 Gonbidatuen aurkezpena

10:00 2017-2021 Batzorde Eragilearen Kudeaketa Txostena

Mitxel Lakuntzaren hitzartze nagusia

11:00 Ekonomia eta Finantza Eranskinaren aurkezpena (Kudeaketa Txostenaren baitan)

Amaia Muñoaren hitzartzea

12:45h Batzorde Eragilearen Kudeaketa txostenaren (2017-2021) bozkatzea

13:00 Omenaldia: funtsezko langileei

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.