2019-01-25 11:08
Davosen (Suitzan) ospatzen ari den Munduko Foro Ekonomikoa aprobetxatuz Oxfamek argitaratu duen txosten baten arabera, krisiaren hasieratik munduko pertsona dirudunenen aberastasuna izugarri handitu da. Milamilioidunen kopurua ia bikoiztu egin da krisia hasi zenetik. Daukaten aberastasunak ez du aurrekaririk, eta bitartean gizarteriaren erdia muturreko pobrezian bizitzeko zorian dago, eguneko 5,50 dolar baino gutxiagoko aurrekontuarekin.

Txostenaren ondorioa argia da: ehundaka milioi pertsona muturreko pobrezian bizi dira elite aberatsenek izugarrizko etekinak jasotzen dituzten bitartean. 2018ean 26 pertsona zeuden munduan, beste 3.800 milioi pertsona pobreen aberastasun maila berdinaren jabe zirenak. Mundu mailan ez da inoiz gaur egun beste milamilioidun egon, eta beraien aberastasuna zifra historikoetara iritsi da. Bitartean, munduko pertsonarik pobreenak are gehiago pobretu dira.

Krisiaren hasieratik aberatsak gero eta aberatsago eta pobreak gero eta pobreago dira, baita espainiar Estatuan ere. Espainiar Estatua Europar Batasunean desberdintasun handiena duen laugarren herrialdea da: biztanleriaren %1 dirudunenak aberastasunaren %24,4a dauka; %50 pobreenak, ordea, 100€ bakoitzetik zazpi banatu behar ditu. Oxfamek “klase ertain-baxua” deitzen duena eta talde pobreeneko pertsonak krisiaren biktima nagusiak direla adierazten du. “Klase ertaina” deitzen dena gero eta txikiagoa da eta kolektibo horrek gero eta diru-sarrera gutxiago ditu.

Desberdintasunak eta pobrezia hazi egin dira; ez da, ordea, zerbait saihestezina, hautu politiko baten ondorio baizik. Honen arduradunak egungo sistema ekonomikoan eta instituzioetan babesten dira. Borondate politikoa izanez gero, desberdintasunak eta pobrezia murrizteko neurri zehatzak hartu daitezke: lan prekarietatea borrokatzea; babes sozialean gehiago inbertitzea aurrekontuen menpe ez dagoen diru-sarrerak bermatzeko sistema batekin; edo presio fiskala igotzea, aberatsenek eta enpresek dagokien “bidezko zergak” ordainduz, besteak beste.

Norabide horretan doaz ELAk bultzatzen dituen hainbat proposamen: Euskal Herriko Karta Sozialaren pobreziaren eta bazterkeria sozialaren kontrako Herri-Ekimen Legegilea (HEL), besteak beste, diru-sarrerak bermatzeko errentaren igoera nabarmena eta alokairu sozialeko etxebizitza bat izateko pertsona guztientzako benetako eskubidea eskatzen duena; edo iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko eta azken hamarkadetan enpresek, errenta altuek eta kapitalak ordaintzen dituzten zergetan eman diren mozketetan atzera egiteko ELAren proposamena.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.