2020-12-14 13:14
ELAk Osasunbideak eta Osakidetzak pandemia baino lehen ere bazituzten arazo estrukturalak iraultzeko neurri sorta aurkeztu du

Covid-19ak sortutako pandemiak agerian utzi ditu osasun sistema publikoaren gabeziak, baina arazoa ez da gaurkoa, aspalditik dator. ELAk Osakidetzaren eta Osasunbidearen egoeraren inguruan berriki atera duen txostenak agerian uzten du bertako arazo estrukturalak pandemiaren aurrekoak direla. Osasungintzara bideratzen diren baliabide publikoak eta bertako langileen egoerak okerrera egin dute nabarmen azken hamarkadan.

Osasun publikoa amildegiaren ertzean dago Hego Euskal Herrian. Ã'abardurak ñabardura, egoera berdintsua da bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta bai Nafarroan.

Esther Saavedra ELAk Osakidetzan duen arduraduna da. “Osakidetza ez da jada garai batean izan zena. Ahuldu eta zerbitzuak okerrera egin du”. Datuei erreparatu besterik ez dago. “2010. urtean osasunera bideratzen zen kopuru bera bideratuko balitz, aurten Osakidetzak 434 milioi euro gehiago izango lituzte. Eta, hamarkada honetan populazioa handitu egin den arren, ohe kopurua jaitsi egin da. 2020an duela hamar urte baina 374 ohe gutxiago daude”.

Baliabideak gero eta urriagoak dira, eta langileak gero eta okerrago daude. “Ezin da zerbitzu ona eman lan baldintzak onak ez badira. Eta Osakidetzan okerrera goaz. Bertako egoitza batetara bazoaz jakin egongo diren 10 langiletik 4 behin-behinekoak direla. Lan-kargak, berriz, izugarriak dira. Badira lehen arretan egunean 80 gaixotik gora artatzen dituzten medikuak”.

Egoera iraultzeko baliabide gehiago behar dira. “Europarrak garela diote, baina osasun publikora bideratzen den kopuruari erreparatuta hori ez da nabari. Europako bataz-besteko inbertsioa berdintzeko 1.800 milioi euro bideratu beharko lirateke Osakidetzara. Onartezina da osasun publikoaren defentsa ez izatea Jaurlaritzaren lehentasuna”.

Osakidetzan bezala, Osasunbidean ere egoera oso larria da. Hala azpimarratzen du bertako arduradun Sonia Ontoriak. “Nafarroako gastua BPGren arabera aztertzen bada, argi ikusten da BPGaren %5,6tik % 5,2ra jaitsi dela. Bestela esanda, 2020an 90,1 milioi euro gehiago bideratu beharko lirateke osasunerako, 2010eko BPGren partaidetza berdintzeko”. Inbertsio falta honek ondorio oso larriak ditu. “Oheak falta dira. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA) osatzen duten herrialdeen batez bestekoa berdintzeko ohe kopurua %30 handitu beharko litzateke Nafarroan”.

Osakidetzan behin behinekotasuna izugarria da; Osasunbidean ere, berdintsu. “Langileen erdiek baino gehiagok aldi baterako kontratua dute (%52,2).Oso larria da tasa hain handia izatea zuzenean Nafarroako Gobernuaren menpe dagoen eremu batean. Horrez gain, 2011. urteaz geroztik, langile finkoen 6 lanpostutik bat suntsitu da”.


Esther Saavedra, ELAk Osakidetzan duen arduraduna

"Kutsatzeek lan-jatorria dute"

Bederatzi hilabete igaro dira Covid-19ko lehen olatutik. Zein da Osakidetzako egoera?
Osasun Sailak ez du plangintza egokirik jarri martxan, ez eta balizko berragerraldiei bermeekin aurre egiteko beharrezko errefortzuak ere. Osasun publikoa ez da indartu. Politikak ez dira aldatu pandemia garaian ere. Plangintza guztia langileak estutzea eta osasun-zerbitzuan arreta galtzea da. Irizpidea aurreztea da oraindik, bai giza baliabideetan, bai baliabide materialetan. Errezetak, martxoko berberak: Covid-19koak ez diren gaixotasunen asistentzia etetea edo atzeratzea, horrek herritarren osasunari eragiten baitio; eta jada agortuta dauden langileak zukutzen jarraitzea, berriz ere beren lanaldiak sistematikoki luzatzera, atsedenaldiei eta oporrei uko egitera, txandak bikoiztera, eguneko lan-karga jasanezinak jasatera, eta abar.

Lana biderkatu egiten da, giza baliabideak eta baliabide materialak ez.

Lan-karga eta presioa gero eta handiagoak dira. Ondorioz, berriro ere kolapso egoera batera iritsi gara, eta ezinezkoa da asistentzia-jarduera guztia artatzea. Berriz ere, Covid-19koak ez diren gaixotasunen ohiko arreta programatua eta ez-urgentea atzeratzen hasi da. Atzerapen horiek ondorio larriak ekar diezazkiekete herritarrei, eta, zalantzarik gabe, agerian uzten dute gure osasun-sistemak, gaur egungo berragerraldiaren aurrean, ez duela baliabide nahikorik asistentzia-premiei erantzuteko, eta planifikazio falta egon dela martxoan eman zen erantzunaz bestelako bat eman ahal izateko.
Bitartean, murrizketek aurrera jarraitzen dute. Pandemia murrizketak aplikatzeko edo mantentzeko aitzakia ere bada. JPB batzuk â€' Zumarraga, Eibar, Elgoibar edo Gasteiz... â€' Itxita daude edo arreta-ordutegia murriztu zaie

Absentziak ere ez dira ordezten. Lehen mailako arretako mediku askok, adibidez, 80 paziente baino gehiago artatzen dituzte egun batean. Horrekin batera, telefono bidezko arreta ere ezarri da, profesionalek lan-karga handiagoa har dezaten. Ez gaude osasun publikoa zaintzea helburu duen neurri baten aurrean.

Eta berriro ere, arazoak daude babes-materialarekin.

Praktikan, maskarak eskatimatzen dira. Horren ondorioz, berriz ere, langileen artean agerraldiak eta kutsatzeak gertatzen dira. Gorlizko Ospitaleko agerraldia oso adibide argigarria da. Osakidetzak, ordea, kutsatze handiena ukatu du eta kutsatzeak lanetik kanpo edo, nolanahi ere, atsedenaldian, kafea hartuz gertatzen direla adierazi du.

Jarrera onartezina da. Diagnostikatutako 3.300 kutsaduratik gora horien % 80 hiru kategoriatan biltzen dira: erizainak, medikuak eta erizaintzako laguntzaileak; zalantzarik gabe, pazientearekin harreman zuzena duten kategoriak. Kategoria horiek gehiago kutsatzen al dira lanetik kanpo? Argi dago kutsatzeak lan-jatorria duela.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.