2019-07-30 18:12
DHL Agurainen 70 eguneko greba egin ostean gaur langileen asanbleak ontzat eman du zuzendaritzarekin iritsi den akordioa. Aldi baterako enplegua mugatu egingo da: epe mugatuko kontratuen legezko iraupena mugara iristen denerako automatikoki finko bihurtzeko formulak ezarriko dira. Era berean, KPIz gaindiko soldata igoerak jasotzen dira.

ELAk zoriondu egin ditu beharginak gatazkari amaiera ona eman diotelako; izan ere, sindikatuak oso ondo deritzo akordioari. Hauek dira eduki nagusiak:

- Enpresa hitzarmena 2021 arte izango da indarrean; inaplikazio eta ultraaktibitateari buruzko klausulak jaso dira.

- Aplikatzeko hitzarmenaren erreferentzia Arabako salgaien garraio sektorekoa izango da, eta ez saltoki handiena.

- KPIz gaindiko soldata igoerak.

- Aldi baterako 11 langile finko izango dira.

- 8 langileren kategoria hobetuko da, eta ondorioz pertsona horien soldatak urtean 3.500 euroko igoera izango du.

- Aldi baterako enplegua mugatu egingo da: epe mugatuko kontratuen legezko iraupena mugara iristen denerako automatikoki finko bihurtzeko formulak ezarriko dira.

Hau ez zatekeen posible izango DHLko langileek beren eskubideen alde borroka egin ez balute, lehen unetik oso argi baitzeukaten antolatuz eta bat eginez gero lan hitzarmen ona lortuko zutela. Langileek egin duten borroka duinaren arrakasta are pozgarriagoa da kontutan izanik aldarri nagusiak ez zirela soldata igoerara mugatzen, baizik eta batez ere plantillako kolektiborik ahulen eta prekarizatuenen baldintzak hobetzen saiatu direla.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.