2019-03-01 11:39
Abenduaren 22tik hona, bitartekariek 70 egun daramatzate greba mugagabean eta enpresa eta Tabakaleraren aldetik ez da egoera hau desblokeatuko lukeen inongo akordio proposamenik izan.

Tabakalerako Ubik liburutegiak 70 egun daramatza itxita. Egun guzti hauetan, zazpi bilera baino ez dituzte izan langileek eta enpresak. Tabakalerak, gainera, ez du bilera bakar batean parte hartu. Are larriagoa dena, ez da langileen eskakizun minimoetara gerturatzen den proposamenik jarri mahai gainean. Jarrera honek, inoiz baina gehiago, zalantzan jartzen du enpresak eta Tabakalerak, gatazka honekin amaitzeko duten nahia.

Otsailaren 21ean, beste behin ere, Donostiako osoko bilkurak aho batez onartu zuen bitartekarien lan baldintzak oso kaxkarrak direla, eta berauekin amaitzeko pausuak eman behar direla. Osoko bilkura eta gero, bitartekariek Eneko Goiari, Donostiako alkate eta Tabakalerako administrazio kontseiluko presidenteari, eta Ion Insaustiri, Donostiako kultura zinegotziari, bilera eskaera bat egin zieten, bildu eta gatazkari amaiera emateko beharrezko pausuak definitzeko. Astebete beranduago, bitartekariek ez dute bilera eskaera honen inongo erantzunik jaso.

Guzti honekin batera, ertzaintza gatazka guzti honetan izaten ari den protagonismo eta jarrera salatu nahiko genuke. ELAren ustez, guztiz gehiegizkoa izaten ari da bitartekariek antolatutako ekintzatan ematen den presentzia poliziala eta egin diren ekintzetan zehar, bitartekari ia denak Ertzaintzak identifikatu izana.

Negoziaketetan aurrerapauso falta eta mobilizazioen aurrean Tabakalera izaten ari den jarrera salatzeko, bitartekariek elkarretaratzea deitu dute arratsaldeko 19:00tan Tabakalera parean.

 

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.