2019-05-06 17:01
Gipuzkoako zahar-etxeetako langileen gatazkak bere horretan dirau; Gipuzkoako Foru Aldundiaren utzikeriaren ondorioz, apirilaren 26an berriz ere grebara jo zuten beharginek, maiatzaren 10 arte luzatuko den lanuzte txanda berrian murgilduz. Bizi duten prekarietatea gizarteratzeko eta zaintza duina aldarrikatzeko kaleak hartu dituzte berriz ere. Donostian egindako agerraldian ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak hitza hartu du, Aldundiaren arduradunen jarrera gogor kritikatuz.

Salatu duenez, sindikatuak duela zenbait aste patronalaren gehiengoarekin aurre-akordioa erdietsi zuen, eta Aldundia horren jakitun izan arren, gezurretan ari da akordioa bidegabetzeko. “Dokumentuak faltsutu egin dituzte arduradun politikoek, horraino iritsi dira”, gaineratu du Lakuntzak. Hitzaldiaren ondoren milatik gora pertsonak parte hartu dute Donostiako kale nagusiak zeharkatu dituen manifestazioan.

Lakuntzak salatu du 6.000 euroko soldata arrakala pairatzen dutela Gipuzkoako erresidentzietako emakumeek, eta Aldundiaren arduradunak “soldata arrakalaren defendatzaile sutsuak direla” salatu ere.

ELAko idazkari nagusiak gaineratu du ezinbestekoa dela herritar guztiok gure bizitzako azken urteetan merezi dugun zaintza jaso ahal izatea. Aldiz, 15 minutu ez direla nahikoak nagusiak altxatu, garbitu eta janzteko azaldu du. “Ondo zaintzeak denbora eskatzen du, eta lan kargak ez dira egokiak”.

Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaz ari dira. 2017 urtean ekin zitzaion negoziazioari, alegia orain dela bi urte; gaur egun, egoera hankaz gora dago.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.