2020-04-01 11:33
Duela gutxi prentsan irakurri dugu 3P Biopharmaceuticals enpresa bioteknologikoak iragarri zuela desinfektatzaile likidoa ekoizteko bere prestasuna, eta Osasunbideari eskaini diola analisirako eta produkziorako bere ahalmena. Gainera, enpresak badu ere “koronabirus testak sortzeko gaitasun eta teknologia (…), baina erreaktiboa falta zaigu”.

3Pko enpresa batzordea (non ELAk 13 delegatutik 10 dituen) duela bi astetik hona ari da zuzendaritzari eskatzen bete ditzala osasun agintariek agindutako gutxieneko segurtasun neurriak.

Arazoa ez da oraingoa, aspaldidanik dator: 3Pren hazkundea esponentziala izan da azken urteetan, eta inbertsio handia egin du bioteknologian; datozen bost urteetan 17 milioi euro sar ditzake. Haatik, diru horretatik zenbat izan da langileen onerako? Noaingo lantegian ezin dute 1,5 metroko gutxieneko distantziarik errespetatu, ez lanpostuetan, ez eta aldageletan ere: ez dago hainbeste jenderentzako lekurik (koronabirusaren krisia baino lehenago ere ez). Lan arriskuen prebentziorako arauek ezartzen dute armairu bikoitza beharrezkoa dela jarduera sektore honetan. Baina banako armairurik ere ez dago, kaleko arropa uzteko: kasu batzutan bost pertsonek bakarra erabili behar dute, honek dakarren arrisku biologikoarekin. Nola egin dio aurre enpresak arazo honi? Langileei zabor poltsak eman dizkie, ustez koronabirusaren arriskutik ‘arropa babesteko’.

Hiru txandatan dihardutenek atseden tarte bat hartzeko kantina gisa obretako kaseta bat jarri zuten aparkalekuan, behin-behineko irtenbide moduan; honez gero lau urte egin ditu leku berean. Baldintza hauetan nola hartuko da aintzat gehienez lau laguneko edukiera eta osasun agintariek galdegiten dituzten gutxieneko distantziak? Arazoa konpontzeko enpresak badu irtenbidea: oihalezko karpa bat jarri du, hau ere behin behinekoa; eguraldi txarretik babesteko nahikoa ote den beste kontu bat da.

Kontua da langileek denbora luzea daramatela lan baldintzak hobetzeko borrokan: etengabeko txandakatzearen aurka (langileak noiznahi sartu eta irteten dira enpresatik), %50etik gorako aldi baterako kontratuak murrizteko, eta praktikatako kontratu maila altuari aurre egiteko (ez gara sartuko zer nolako erabilera egiten den horiekin).

Milioiak inbertitzen badira, bada garaia zati bat langileek ere ikus dezaten, hauek baitira 3Pk duen aktiborik baliotsuena.

Lantaldeak enpresari adierazi dio krisi honetan gogor lan egiteko prest dagoela, hura gainditu eta indartuta ateratzeko. Areago, bolondres talde bat ere sortu da koronabirusaren inguruko analisi lanak egiteko, beharrezkoa izanez gero. Argi dago lantalde honek baduela kalitate profesionala, inplikazioa eta arduraz jokatzen ari dela egoera zail honetan.

Era berean, bada garaia 3Pk ere ager dezan zenbateraino axola dioten bere langileek, ia 300 enplegatuek; oraingo krisian, kutsatzeko arriskua saihesteko lan osasuna eta prebentzioa hobetzea ezinbestekoa delako, baina baita aurrerago ere. Espero dugu enpresak inbertsio handiagoa egingo duela lantaldearen ongizatea eta lan baldintzak hobetzeko, eta enpleguaren egonkortasuna bermatzeko, besteak beste, txandakatzea gutxitze aldera. Pertsonek hori eta gehiago merezi baitute.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.