2018-09-21 13:08
Urtebete igaro da ELAk hauteskunde sindikalak irabazi zituenetik eta orain, hainbat lorpen erdietsi dira: erreformaren aurkako klausulak ezartzea eta lanaldia 16 ordu laburtzea,

3p Biopharmaceuticalseko (Noaingo enpresa bioteknologikoa) enpresa batzordeak langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko dituen lan ituna sinatu du zuzendaritzarekin, beti ere, langileen asanbladaren onespenarekin. Lehen hauteskunde sindikalak ospatu eta urtebete eta erdira ikusi dira fruituak. Orduan, ELAk gehiengoa lortu zuen, 9 ordezkaritik 6 lortuz. 3P enpresan 160 lagun daude lanean.

Itun berri hau Kimiketako Estatu hitzarmena (orain arte aplikatzen zena) baino askoz hobea da. Hiru urtez luzatuko da, eta 580 eta 611 euro arteko soldata igoera ekarriko du (hau da, %3 urtero). Gainera, gau eta jaiegunetan lan egiten dutenentzat gehigarriak jarriko dira. Bajetako gehigarria %100ra iritsiko da, absentismoaren arabera.

Kontuan hartu behar da orain arte, bataz besteko hileroko soldata 1.100 eurokoa izan dela, eta plusak hutsaren hurrengoa zirela. Langile gazte asko dagoela kontuan hartuta, praktiketan daudenentzat hobekuntza handiak izanen dira: lehen urtean soldataren %85 kobratuko dute (orain arte %65) eta bigarren urtean, %90 (lehen, %80). Beraz, soldata baxuen langileak onuradun nagusiak dira.

Negoziatutako lan baldintza berriak ez dira hor gelditzen: urtean bi jardunaldi gutxiago lan egingo dute (16 ordu gutxiago), eta horrek badu bere garrantzia Kimiketako arloan, Estatuko hitzarmena oso txarra delako: 1.752 ordu dira, guztira. Gehiegi dira, Metalekoarekin alderatuz gero (1.690) eta zer esanik ez, Nafarroako Administrazio Publikoko hitzarmenarekin alderatzen badugu (1.592 ordu). Gainera, orain arte izan den enpresen aldeko malgutasuna murriztu egingo da 3P Biopharmaceuticals-en: 100 ordutik 40 ordura pasako da, hau da, malgutasunaren %60 murriztuko da, beti ere, langileen alde. Gainera, 20 minutuko atsedenaldia enpresaren kargu joango da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.