2020-12-11 11:29
ELAko langileak grebara atera dira berriro eta Gipuzkoa Plazatik manifestazioa egin dute LABekin, senideekin, pentsiodunekin eta talde feministekin batera. Azpimarratu dutenez, ezinezkoa da kalitatezko zerbitzua eskaintzea hitzarmen duinik gabe, lan-baldintza kaxkarrak izanda eta lanari baliorik aitortu gabe.

246 eguneko grebaren ostean, Gipuzkoako erresidentzietako hitzarmena desblokeatzeko boronda eza leporatu diote beste behin sektoreko langileek Aldundiari. Gipuzkoako Diputazioak iritzi publikoari jakinarazi dio Gipuzkoako erresidentzietan sindikatuekin adostutako eta partekatutako neurriak hartzen ari dela. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa dela salatu du ELAk.

ELAk hainbat eskaera egin dizkio idatziz Aldundiari gatazka konpontzeko eta hitzarmena berritzeko baina ez du inongo erantzunik jaso. Aldiz, COVID-19aren ondorioei buruz sektorean egindako azterketa azaltzeko bi bileratan parte hartzera deitu dute. Bilera horietara izan da sindikatua, eta ondorio argia atera du: egindako azterketak ELAk gatazka eta pandemia hasi aurretik, bitartean eta ondoren esandakoa indartzen du: sektorea gaizki dimentsionatuta dagoela, langilerik ez dagoela, langileek Osakidetzara ihes egitea eragiten duten lan-baldintzak daudela, erantzukizun ugari daudela eta egoiliarren arreta integralik ez dagoela.

Pandemiari dagokionez, azterlanak dio sektorea ez zegoela prestatuta, lehen boladan ez zegoela norbera babesteko ekipamendurik, protokolo eta erantzukizun ugari egon zirela, eta, horren ondorioz, zentro bakoitzak desberdin funtzionatuko duela. Ez zen komunikazio onik egon osasun-sektorearekin. Egoera oso larriak bizi izan ziren, eta ELA lehenengo egunetik saiatu zen horiek konpontzen, idazki eta bilera-eskaeren bidez. Erantzunik ez zegoenez, epaitegian salatu behar izan zuen egoera.

“Ondo dago azterketa bat egin izana sektoreko langileek urteetan esaten dutena esateko; orain, ikasitakoa praktikan jarri eta sektorean inbertitu behar da. Hitzarmen duinik gabe, langileentzako lan-baldintza erakargarririk gabe, lanaren errebalorizaziorik gabe eta langile gehiagorik gabe ez da sektore indartsu eta kalitatezkorik egongo”, azpimarratu du sindikatuak.

“Bada garaia Aldundiak sektoreko enpresei estaldura emateari uzteko eta sektoreko langileei behin eta berriz gutxiestea uzteko”.

Gauzak horreka, ELAk berriz ere eskatu dio Aldundiari errealitateari behingoz aurre egin diezaiola, eta euren osasuna eta segurtasuna arriskuan jarriz gizarteko sektore ahulena aurrera atera duten langileen gatazka konpon dezala.

Hurrengo urratsa Lan Harremanen Kontseiluan egingo dute ELAk eta LABek, hilaren 15ean bertan izango baitira gara sektoreko patronalak interpelatzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.