2019-10-23 12:25
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazio agenda indartsua aurkeztu du datozen hilabeteetarako, hiru ardatz hauekin: pentsioak, enplegua eta eskubide sozialak. Mobilizazio agendak greba orokor bat ere jasotzen du; data zehazteke dago, aurki iragarriko da, baina 2020. urteko bigarren hamabostaldian izango da.

Pentsiodunek urriaren 22an agerraldi publikoa egin zuen duela ia bi urte pentsio duinen defentsan astero egiten dituzten mobilizazioak indartzearen garrantzia azpimarratzeko: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, –erakunde sindikal eta sozial ezberdinak batzen dituen plataforma, ELA barne– pentsiodunek egindako deiari kasu egin eta greba orokorra jasotzen duen mobilizazio egutegia iragarri du.

Pentsio duinen aldeko borrokaz gain greba orokor deialdiak beste bi ardatz izango ditu: kalitatezko enplegua eta eskubide sozialak. Datozen hilabeteetan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ardatz aldarrikatzaileak osatuko duten eta elkar lotuta dauden hiru gai: pentsioak, enplegua, eskubide sozialak.

ELAren izenean idazkari nagusiak hitz egin du, Mitxel Lakuntzak. Greba deialdi honek dituen hiru ardatzen inguruan mintzatu da. “Pentsiodunak egoera larrian daude; urteak daramate kalean protesta egiten, euren egoera salatzen. Lan eta bizi baldintzak okertzen ari diren testuinguru batean gaude, begi-bistakoa da. Eta ditugun eskubide sozialak ez dira nahikoak; pobreziaren inguruko datuek agerian uzten dute gurean gero lagun gehiago daudela pobrezian”.

Lakuntzak grebaren arrazoiak aipatu ditu. “Gure aldarrikapenak ez badaude kalean ez dira inon egongo, inork ez digu jaramonik egingo. Greba orokorra azken hamarkada honetan kendu diguten guzti hori berreskuratzeko eta erasora joateko aukera bikaina da. Horregatik taula aldarrikatzaile oso indartsua garatu dugu: 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, erretiroa 65 urterekin hartzea gehienez, 1.200 eurotako gutxieneko soldata, astean 35 ordutako lanaldia, lan eta negoziazio kolektiboaren inguruan azken urteetan onartu diren erreformak atzera botatzea, eskubide sozialak bermatzea...”

Datozen hilabeteetarako agenda:

  • Urriaren 30ean, Eusko Legebiltzarraren aurrean, EAJ eta PSEk Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) murrizteko aurkeztu duten lege proposamena bertan behera uztea eskatzeko elkarretaratzea.
  • Azaroaren 16ean, pentsiodunen mugimenduak lau hiriburuetan deitu dituen mobilizazioak.
  • Abenduan mobilizazioak antolatuko ditugu, lan, pentsio eta bizitza duinaren alde.
  • Urtarrilaren bigarren hamabostaldian, Greba Orokorra.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.