2018-08-10 08:26
Urtea hasi zenetik ELAk hamaika akordio on lortu ditu Zerbitzuak federazioaren baitan; milaka langilek euren lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak izango dituzte. Hona hemen Landeiaren azkenaleak ELA-Zerbitzuak federazioaren egoeraren inguruan jasotzen duen erreportajea.

Gipuzkoako eta Bizkaiko Ostalaritza; Gipuzkoako Ehungintza; Bizkaiko Altzairungintza Merkataritza; Bizkaiko Ehungintza Merkataritza; Tolosako, Beasaingo eta Erandioko kiroldegiak; Eulen-Euskalduna Jauregia; Getxo Kirolak eta Getxo Hondartzak; Rhenus; Guggenheimeko audiogidak; Getxoko lorazainak; Loiuko aireportuko lorazainak; Plentziako Udal Garbiketa; Azkuna Zentroko Mediateka; Tolosako Urbanoa, Coca-Colako mantenuaren azpikontrata, Irungo udal-liburutegia…

Zer dute aurreko paragrafoko enpresa eta sektore horiek komunean? Hainbat gauza: batetik, ELAk gehiengo osoa duela, eta, kasu askotan, gurea dela presente dagoen sindikatu bakarra. Eta, bestetik, 2018. urte honetan egindako borroka eredugarrien ostean lan eta bizi baldintzetan hobekuntza nabarmenak jasoko dituzten akordioak lortu dituztela.

Lan munduan dagoen prekarietatearekin amaitzea da gure sindikatuaren helburu nagusietako bat. Aurten lortu diren akordio hauetan helburu hori lortu dela esan genezake.

Prekarietatearen aurkako akordio harrigarriak

Azpikontratazioa lan-baldintzak okertzeko estrategiaren zutabeetako bat da. Eta administrazioak erantzukizun zuzena du bertan, kasu askotan sektore publikoaren azpikontratetaz mintzo garelako. Gainera, ezin dugu ahaztu bertako langile gehienak emakumeak direla eta feminizatutako sektoreak direla prekarietate handiena pairatzen dutenak.

Asko dira Zerbitzuak federazioak biltzen dituen enpresa edo lantokietan lortutako akordio onak, baina badira bereziki aipatzeak merezi dutenak. Esaterako, %25 eta %45 bitarteko soldata igoerak Euskalduna Jauregiko Eulen azpikontratan; %22ko soldata igoera eta behin-behineko langileak finko bihurtzea Coca-Colako mantenuaren azpikontratan; lanaldia 1.710 ordutik 1.592 ordutara murriztea eta KPIaren oso gainetik dauden soldata igoerak Erandioko kiroldegian; lanaldia 1.710 ordutik 1.575era murriztea eta oinarrizko soldatak 19.000 eurotik 23.600era igotzea Getxoko kiroldegian; lehen lan hitzarmena Getxoko hondartzako garbiketan, lan erreformaren aurkako klausulekin, %23ko soldata igoerarekin, asteko 36 orduko lanaldiarekin...; oinarrizko soldata 11.200 eurotatik 16.800era igotzea eta lanaldia 100 ordutan murriztea Guggenehimeko audiogidetan; Azkuna Zentroko akordio bikaina (hurrengo bi orrialdeetan informazio gehiago)...

Sektore hitzarmenak ere

Sektore hitzarmen bikainak ere sinatu ditu ELAk hilabete hauetan. Eta, guztiek, bi ezaugarri dituzte: enpresarien alde-bateko inaplikazioa eragozteko klausulak eta ultraaktibitate mugagabea. Eta, edukiei dagokionez ere, akordioak eduki berritzaile garrantzitsuak dituzte, prekarietatearen aurkako neurri zehatz eta eraginkorrak adostu direlarik.

Badago zer hobetu, noski, baina argi dago urrats garrantzitsuak ematen ari garela prekarietatearekin amaitzeko. 2018ko uzta bikaina izaten ari da. Jarrai dezala.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.