2019-01-29 13:14
Biztanleria Aktiboaren inkestak argitaratutako datuen arabera, 2018ko azken hiruhilekoan 4.200 langabe gehiago zeuden, hau da, langabezi tasa %9,68raino igo da, aurreko hiruhilekoan baino bi dezima handiagoa.

Hego Euskal Herria Europan langabezia tasa altuenetarikoa duen lurraldea da oraindik ere; Serbiak, Espainiar Estatuak eta Greziak baino ez dute langabezia tasa altuagoa. EB-28ko bataz besteko langabezia tasa %6,6koa da; gurean, ordea, %9,7koa. 

Prekarietatea gero eta handiagoa da. Horren erakusle da behin behineko kontratuak 12.300 hazi direla azken hiruhilekoan, dagoeneko badira soldatapekoen %26 mota honetako kontratua dutenak (aurreko hiruhilekoan baino puntu bat gehiago). Enplegua dutenen %16,3k jardunaldi partzialeko kontratua du; puntu bat eta erdian egin du gora portzentaje horrek aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Emakumeen kasuan portzentaje hori %26,7ra igotzen da.

Enpleguaren egoera aplikatzen diren politika publikoen ondorio da. Azken urteetan hainbat neurrri eta lan erreforma egin dira, ustezko egoera koiuntutal batean, eta bakar bat ere ez da izan langile klasearentzat mesedegarria. Neurri eta erreforma guzti hauek dira prekarietatea hazten jarraitzearen eta gizartearen gehiengoaren lan zein bizi baldintzak prekarioagoak izatearen erantzuleak. Hortaz, egoera aldatzeko politikak aldatzea beharrezkoa da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.