2018-08-08 12:18
ELAk ehun bat hitzarmen sinatu ditu 2018an, prekarietatearen aurkako lorpen aipagarriekin; greba-kopurua %81 hazi da; eta soldata-igoerak %54rainokoak izan dira.

Aurtengoan, ELAk ehun bat hitzarmen sinatu ditu, eta beraietan sartu diren prekarietatearen aurkako neurriak apartekoak izan dira Europako sindikalismoaren testuinguruan. Negoziazio kolektiboa, beraz, nabarmen suspertu da; nahiz eta gure gogoko helmuga oraindik urruti egon. Hemendik aurrera bereziki landu beharreko gaiak prekarietatea eta soldata-arrakala izango dira.

"Elkarrizketa sozialari ELAk eman dion alternatiba hitzarmenak negoziatzea da, baina ez edonolakoak, azpikontraten hedapena oztopatzen dutenak, plantillen subrogazioa jasotzen dutenak, lan-erreformak baztertzen dituztenak, jendearen lana duintzeko moduko soldata-igoerak dakartzatenak, eta krisiaren aitzakiatan ostu digutena berreskuratzen laguntzen digutenak" hala dio Pello Igeregik, negoziazio kolektiboaren arduradunak, urteko lehen seihilekoaren negoziazio kolektiboaren balantzea egiterakoan. Izan ere, zenbaitetan lortu diren soldata-igoerak %54raino iritsi dira, eta gainera lanaldi-laburpen handiak ere lortu dira.

Lan-erreformak enpresetatik kanpo uzteko klausulak ELAren negoziazio kolektiboakren berezkoak dira, gure sindikatuak sinatzen dituen hitzarmenetan beti jasotzen dira horrelako klausulak. Ezin da hori bera esan, sinatzaileak beste sindikatu batzuk direnean.

Hala da, azpikontrata-hedapena geldiaraztea, ultraaktibitate mugagabea ematea (edo legezkoa baino askoz luzeagoa), sinaturikoa nahitaez bete beharrekoa izatea, generoen arteko soldata-arrakala ezabatzea, eta nahi ez diren lanaldi partzialak kentzea dira, besteak beste, ELAren negoziazio kolektiboaren ezaugarriak. Bestela esateko, Negoziazio Kolektiboaren Estatuko Akordioaren gure ordezko aukera da. Estatu-akordio horren eginkizun bakarra patronalari beto-eskubidea ematea da, eta prekarietatea eta murrizketak betiko uztea.

Greba-kopurua izugarri handitu da

Pello Igeregik azpimarratu duenez lortu diren hobekuntzak ezin daitezke lortu grebarik egin gabe. "Negoziazio-mahaiak gehiago ematerik ez duenean, gatazkaren konponbidea langileen alde lerratzeko gakoa grebara jotzea da. Negoziazio kolektiboan emandako aurrerapena gatazka-maila igotzearen ondoriozkoa izan da. ELAk bultzatu dituen greben kopurua %81 hazi da. Eta egoerarik prekarioenetan, sektore feminizatuetan, greba horiek mugagabeak izan dira".

Adi etor daitezkeen lege-aldaketei

PSOEk, Espainiako Gobernura iritsi eta gero, iragarritako lan-erreformen alderdi batzuk indargabetzeari buruz galdetu diogu Igeregiri, eta hauxe erantzun digu: "ezin da erreformarik onetsi negoziazio kolektiboaren egitura auzitan jarri gabe, eta langileak demokratikoki ordezkatzen dituzten sindikatuei edozein sektoretako lan-baldintzen gaineko akordioak egiteko aukera onartu gabe. Hori dela-eta, ELA harremanetan jarriko da legebiltzarreko alderdiekin gure ikuspuntuak azaltzeko".

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.