2018-11-27 17:50
Kongresuan ordezkaritza duten zenbait alderdirekin batzartu zen duela hainbat aste ELA Madrilen, gai hauek jorratzeko: negozio kolektiboaren estatalizazioa, eta etorkizunean beste lan-erreformaren bat izango ote den. Hona bilera horien inguruan Landeiaren 230 aleak jasotzen duen erreportajea.

Madrilen izan ziren Adolfo Muñoz “Txiki” —ELAko idazkari nagusia—, Pello Igeregi —negoziazio kolektiboko arduraduna— eta Amaia Aierbe —zerbitzu juridikoen arduraduna— urriaren 18an, eta Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten zenbait alderdi politikorekin mintzatu ziren. Gai-zerrenda: zer jarrera izango duen ELAk beste lan-erreformaren bat onartzen bada, betiere ardatz dela negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurkako gure borroka. PSOE, Unidos Podemos, EH Bildu, PdCAT eta ERCko diputatuekin hitz egin zuten ELAko ordezkariek. EAJrekin, berriz, ezin izan zen bilerarik egin gaurdaino (urriaren 18an itxi zen Landeia hau). Bestalde, Magdalena Valerio lan-ministroarekin ere hitz egitekoa da ELA, negoziazio kolektiboaren estatalizazioaz jarduteko, besteak beste. Estatalizazioaren aurkako borrokaren garrantzia azpimarratu zuen Amaia Aierbek, eta alor horretan ELA egiten ari den lana.

-Negoziazio kolektiboaren estatalizazioaz jardun zarete Madrilen. Zein da topaketa horien zure balorazioa?

-Gurekin mintzatu ziren talde parlamentarioetako batek berak ere ez zuen ukatu eskubidea duela ELAk negoziazio kolektiboaren euskal esparrua aldarrikatzeko. Hurrengo asteotan ere zenbait talde politikorekin harremanetan jarraituko dugu eskubide hori aitortu diezaguten aldarrikatzeko.

-Aldatuko ote du ezer Pedro Sánchezen gobernuak?

-Ez dugu uste gobernu berriak nabarmen aldatuko dituenik PPren politikak. Horretan ez dugu itxaropen handirik. Dena dela, baliteke mahai gainean jartzea aurreko gobernuaren lege eztabaidagarrienetako batzuei azaleko aldaketak egiteko proposamena. Aldaketa horien artean legoke azkeneko lan-erreforma, 2012koa. Hala eta guztiz ere, oso kezkagarria da Langileen Estatutua aldatzeko proposamen horren abiapuntua.

-Zergatik?

-Gobernuak beto-ahalmena eskaini dio patronalari, eragileen arteko adostasuna jarri baitu baldintza gisara erreformak aurrera egiteko. Oso larria iruditzen zaigu CEOEri blokeo-ahalmen hori ematea; izan ere, azken erreformetan nahi zuen guztia eman zaio patronalari, hitzarmen soziala baldintza gisa jarri gabe, eta berriz ere beto-eskubidea ematen bazaio betikotu egingo da enpresarien interesen aldeko lege-egitura. Magdalena Valerio ministroak berak ere aitortu du lan-erreformari aldaketatxo batzuk bakarrik egingo zaizkiola, baina ez dela bertan behera utziko, oposizioan zeudela sozialistek hala agindu arren. Adierazi du, halaber, “nahitaez enpresari-elkarteekin ados jarrita” aldatu behar dela legea.

-Uztailean CCOOk eta UGTk CEOE eta CEPYMErekin sinatutako Enplegu eta Negoziazio Kolektiborako Hitzarmenak ez du aipatzen inolako aldaketarik negoziazio kolektiboaren estatalizazioan.

-Eta hitzarmen horretan datza eztabaidaren gakoa. Bi gai hauek bakarrik eztabaidatu nahi dituzte, betiere patronalak negoziatzeko borondaterik baldin badu: aurreraeragina (ultraaktibitatea), batetik, eta azpikontratazioa beste era batera arautzea, bestetik, aplikazio-lehentasuna sektorekako hitzarmenei emanda, antza denez. Azken lan-erreformek eragindako gainerako arazoak (hitzarmenak ez aplikatzea, aldaketa nabarmenak, langileen banakako eskubideak eta abar), berriz, ez dira aipatu ere egiten. Jakina, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa ere ez da aipatzen, estatuko eragile sozialek bultatu baitute.

Egoera ikusirik, badirudi partzialak izango direla Langileen Estatutuari egiten zaizkion aldaketak. Azken erreforma, 2012koa, ari dira jartzen edozein aldaketaren ardatz gisa, baina ELAren ustez, Langileen Estatutu osoa eztabaidatu behar da, barne direla 2010eko eta 2011ko lege-erreformak, zeinen helburua lan-baldintzak hondatzea baitzen.

Soldatak jaisteko estrategia horren adibideetako bat hau dugu: sektorekako hitzarmen probintzialei lehentasuna kentzea eta negoziazio kolektiboaren estatalizazio-prozesuari bidea erraztea. Baina soldatak jaisteko estrategiaren bidetik jarraitzea litzateke sektorekako hitzarmenari lehentasuna ematea, eztabaidatu gabe hitzarmena ez aplikatzeko enpresen eskubidea edo estatu mailako miseriazko hitzarmenen erreferentzialtasuna.

-Prest al dago gobernua urratsen bat egiteko ELAk proposatzen duen norabidean?

-Parlamentuan gehiengorik ez daukala darabil PSOEk aitzakia gisara 2012ko Lan Erreforma erabat ez indargabetzeko. Nolanahi dela ere, agian interesgarria bihur daiteke egoera: Ciudadanosek eta PPk seguruenik erreformaren aurka bozkatuko dutenez, EAJ, Bildu, Kataluniako nazionalisten eta Unidos Podemosen botoak erabakigarriak izan daitezke edozein aldaketa onartzeko.

Beraz, negoziazio kolektiboaren estatalizazioari ekiteko aukera berri bat ekar dezake egoera horrek.

-Testuinguru honetan, zer jaso behar luke lan-erreforma batek?

-Azkenaldian onartu diren lege eta neurri atzerakoi guztiei buruz hitz egiteko aprobetxatu behar genuke lan-erreformari buruzko eztabaida. Gure asmoa da azkeneko hiru lan-erreformak baliogabetzea; dena dela, ez genuke ulertuko alderdi aurrerakoi edo abertzaleren batek aldeko botoa ematea 83. eta 84. artikuluen aldaketa jasotzen ez duen testu bati. Izan ere, artikulu horiek babesten dute hitzarmen kolektiboak negoziatzeko autonomia eta negoziazio-eremu bakoitzak gainerako eremuak baldintzatzea, alor gero eta hurbilagoetan garatu eta hobetu daitezen. Ez dugu onartzen negoziazio kolektiboak estatu mailako hitzarmen bat mugarri izatea eta hurbilagoko eremuetan lan-baldintzak hobetzeko aukerak gutxitzea.

-Zure ustez, lor dezakegu helburu hori?

-1994an, Langileen Estatutuaren lehen erreforma proposatu zenean, estatuko gizarte-eragileei aukera egokia iruditu zitzaien beren ordezkaritza-monopolioa sendotzeko. Baina PSOEk gehiengo absolutua galdua zuenez, euskal alderdien botoa behar zuen edozein aldaketa onartzeko. 1994an, oso positibotzat jo zuen ELAk EAJk Madrilen izan zuen jokabidea Euskadiko negoziazio kolektiboak aplikazio-lehentasuna izan zezan, estatukoaren gainetik. Sasoi hartan, emaitza onak ekarri zituen ELAren lan sindikalak eta gizartearen mobilizazioak. Duela 24 urte lortu egin genuen, eta orain ere lor dezakegu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.