2019-06-04 12:04
Soldatak igotzea, lanpostu berriak sortzea, lan erreformen aurka blindatzea, diskriminazioak ezabatzea eta lan baldintzak hobetzea aldarrikatu dute ELA, LAB eta CCOOek Gipuzkoako Papergintza alorrean. Patronalarekin izandako hamaika bilerek ezer gutxiarako balio izan dutela salatu dute Adegiren aurrean izandako elkarretaratzean.

ELA, LAB eta CCOOen oharra:

Gipuzkoako papergintzan bilera asko egin eta gero, oraindik ere negoziaketak ez ditu langileentzat garrantzitsuak diren eduki asko jorratzen. Orain arteko patronalaren eskaintzak oso urriak dira eta euren helburua eskaintzak pixkanaka hobetzea da, beti ere, negoziaketa luzatzeko. Funtsean, patronalak ez dizkigu egunero papergintzan lan egiten dugunoi inongo hobekuntzarik eskaintzen; zenbait kasutan ez dute legediak edota jurisprudentziak jada aurreikusten dituen hobekuntzak hitzarmenean sartu nahi ere. Egoera honen aurrean, ELA, LAB eta CCOO-ek honakoa esan nahi dugu:

  • Sektoreko langileok sortutako aberastasuna banatu eta eskubideetan aurrerapausoak emango dituen hitzarmen baten alde egingo dugu. Gipuzkoako papergintzak bizi duen egoera oso ona da eta horren islada den negoziaketa bat nahi dugu. Soldata igoera garrantzitsuak, lanpostu berriak, lan erreformen aurkako blindajeak, diskriminazioen desagertzea eta lan baldintzak hobetzen dituzten baina inolako kostu ekonomikorik suposatzen ez duten neurrien alde egiten dugu.

  • Egoera honen aurrean eta negoziaketari bultzada garrantzitsua emateko asmoz, sektore honetako delegatuek jarraian zehaztuko ditugun greba egunak proposatuko ditugu papergintzako langile asanbladatan berretsiak izan daitezen:

    • - Ekainak 19/20, ekainak 26/27, uztailak 3/4, uztailak 10/11.

    • - Irailak 18/19, irailak 25/26, urriak 2/3, urriak 9/10.

Ekainaren 10an negoziaketako hurrengo bilera jorratuko dugu eta ELA, LAB eta CCOO-ek proposamen berria helaraziko diogu ADEGI-ri, negoziaketan aurrera egiteko asmoz. Bilera hori negoziaketa hauetan inflexio puntu bat izan dadin espero dugu. Negoziaketak ez ditugu are gehiago luzatu nahi, izan ere, akordio bat lortzen ez dugun bitartean, sektoreko langileon lan baldintzak ez dira hobetuko.

Bukatzeko, papergintzan lan egiten dugun langileei deia egiten diegu: gure hitzarmena defenditzeko momentua da. Eduki onak dituen lan hitzarmen baten alde. Denon artean lortuko dugu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.