2019-10-31 18:00
Gaur, urriak 31, EHAAn argitaratu de 164/2019 DEKRETUA, urriaren 22koa, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa. Aitatasun baimena jaiotza gertatu eta ondorengo hamabi hiletan hartu behar da, baina ez amatasunarekin batera. Neurria guraso bakarreko familiei ere aplikatuko zaie: 16 asteei ohiz kanpoko 14 egun erantsi ahal zaizkie. Eszedentzia hauek ezin dituzte hartu semea edo alaba haurtzaindegira eramaten duten familiek; azkenik, Enplegu sailburuak kontrakoa proposatu bazuen ere, etxeko langileak kontratatuta dituztenek ere eskatu ahal izango dute.

Dekretuak, besteak beste, jasotzen du laguntza hau jaso dezaketela EAEn besteren kontura lan egiten duten langileek, kooperatiba-sozietateetako bazkide langileek eta lan-bazkideek, eta norberaren kontura lan egiten duten langileek edo autonomoek; laguntzaren xedea da semea edo alaba jaio ostean bi gurasoek jaiotzagatiko eta zaintzagatiko kotizaziopeko dirulaguntzetan baliatutako aldiak berdindu ahal izatea, eta eskubidea izatea iraupen bereko aldi bat izateko -16 aste-, besterenezina, ordaindua eta une berean hartu behar ez dena.

Neurri iragankor hau 6/2019 Errege Lege-Dekretutik eratorria da, eta honek ezartzen du 2021erako Estatuan gurasotasun baimenak parekatu egin behar direla. 164/2019 Dekretua medio orain Gizarte Segurantzaren kontura doan zortzi asteko gurasotasun baimena 16 asteraino luzatu ahal izango da, borondatezko lan eszedentzia eskatuz; berau Lakuak laguntza gisa %100ean ordainduko du; guztira 25 milioiko kostua izango du.

Aitatasun baimena jaiotza gertatu eta ondorengo hamabi hiletan hartu behar da, baina ez amatasunarekin batera. Neurria guraso bakarreko familiei ere aplikatuko zaie: 16 asteei ohiz kanpoko 14 egun erantsi ahal zaizkie. Eszedentzia hauek ezin dituzte hartu semea edo alaba haurtzaindegira eramaten duten familiek; azkenik, Enplegu sailburuak kontrakoa proposatu bazuen ere, etxeko langileak kontratatuta dituztenek ere eskatu ahal izango dute.

Halaber, Dekretuak laguntza jasotzeko beste muga batzuk ezartzen ditu. Esaterako, eszedentziak ez dira diruz lagunduko beste gurasokidea, hau da, laguntza eskatzen ez duena, lanaldi murriztuarekin badago edo lanaldi osoaren %50etik beherako kontratu batekin ari bada lanean.

ELAk aitortzen du urrats honen balioa, zehazki besterenezina izatea. Berez, neurri honekin imajinarioak aldatzeko aukera dago, baita beste familia eredu baten alde egitekoa ere, non emakumeak eta gizonezkoak izan daitezkeen zaintzaile eta soldata ekartzen dutenak. Haatik, aitortuagatik ere neurri hau zaintzaren erantzukidetasunerako aurrerapausoa dela eta negoziazio kolektiboan gero eta sarriago sartzen ari dela, baditu bere mugak.

Batetik, susmoa dugu erabaki hau hartu eta ez ote den instituzioen aldetik kanpaina mediatiko eta publizitarioa bihurtuko; haien helburua izango da saltzea 16 asteko gurasotasun baimenak direla funtsezko modua haur jaioberrien zaintza lanetan dagoen genero-arrakala estrukturala gainditzeko.

Egia da horrek berdintasun formal instituzionala eragin dezakeela, lege edota dekretuetan jasoa. Baina are garrantzi handiagoa du bere mugak aitortu eta izango duen eragina bere lekuan jartzea, kontutan izanik zaintza sistema publikoaren berrantolaketaz ari garela, eta honek gaur gabezia nabarmenak dituela.

Zaintzaren krisia, gure sistemaren oinarrian datzana, ez da lehentasunezko gaia botere publiko eta pribatuen agenda politiko eta ekonomikoan. Gurasotasun baimenen moduko banakako neurriek ezin digute ahantzarazi sakoneko eztabaida: gure aldarrikapena da zaintzarako azpiegitura publiko integrala eratzea. Adibidez, gaur oraindik 0-3 urteko haurren zaintzaren estaldura publikoak zulo handiak ditu.

Halaber, ohartarazi beharra dago baimen hau har dezakeen jendea soldatapeko sektore jakin bat izango dela, gutxieneko maila sozioekonomikoa duena: Nor egon daiteke hamasei astez soldatarik jaso gabe? Enplegua da oraindik oinarrizko eskubide sozialak lortzeko iturri nagusia, baina soldatapeko biztanleriaren zati bat, eta areago soldatapeko ez dena, baztertuta geratzen da.

Bestalde, bereizketa handia gerta daiteke arlo publikoko eta pribatuko langileen artean. Gogoratu beharra dago EAEko herri-administrazioetako funtzionarioen gurasotasun baimena 18 astekoa dela.

Azkenik, ezin dugu ahaztu eragile sozialok -sindikatuak, mugimendu feminista...- ez dugula inolako parte hartzerik izan erabaki honen inguruko kontsulta eta idazketan.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.